Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ezohiko uretan

2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Excusatio non petita salatzaile bat, hasteko: Ur Handitan da, —Ahoz aho-ren baimenarekin— ETB1ek duen saiorik borobilena: kalitatezkoa da, gai gatazkatsuei zintzotasunez heltzeko funtzio publikoa betetzen du, eta gainera —edo haatik?— arrakastatsua da baita audientzia datuei begiratuta ere. Astero-astero maila mantendu eta txaloa irabaztea ez da erraza, ordea. Joan den astekoa —Kirmenen N.Y.C.— horren erakusgarri. Ezohikoa da atala: Xabier Madariaga aurkezlea agertzen delako ez balitz, New York hiriko kaleak ohiko gustu fineko estetikaz erakutsiko ez balizkigu, ez baikenuke sinetsiko Ur Handitan denik ere.

Izan zitekeen, zuri-beltzean balitz, Oier Aranzabalek zuzendutako Margolaria dokumentalaren bigarren zatia: bertsuak dira protagonistak —Elizabeth Macklin, Kirmen Uribe...—, bertsua sortzaile baten egunerokoa ezagutzeko ahalegina, bertsua (Mikel Urdangarinen) soinu-banda. Izan zitekeen —Página 2 saio espainiarraren itxura zaindua bereganatuta— garai bateko Sautrela literatur saio gaurkotuagoaren lehenengo alea; ETB Kultura Transit-en egiten dituzten (eta gutxiegi zabaltzen diren) erreportaje eder horietako baten bertsio luzatua; edo Xabier Madariaga Pello Reparazekin aldatuz gero, Euskalonski saioaren atala, euskaraz ikasi duen puntako zientzialaria eta guzti.

En tu casa o en la mía, Bisitaria... Horiek denak izan zitezkeen Kirmenen N.Y.C. Eta —lur lokaztuagoak zapalduz— hartu diot, ezinbestean, ederki ondutako publirreportaje baten traza ere: oraindik idatzi ez den liburu baten aitzakian, idazle kanonikoa are kanonikoago bihurtzen duen pieza finarena.

Atala gogoz ikusteko modukoa da —zer esanik ez, Uriberen lanaren zalea bazara—, interesgarria, ondo egina. Baina gai sozial arantzatsuei heldu eta bazterreko testigantzak jasotzeko ohitura alboratuta, saioaren berezko ezaugarriak falta zaizkio atalari. Sagar Handiaren bueltan sortutakoak ez du gatazkarik, ez arantzarik, ez ikuslea deseroso sentiarazteko gaitasunik. Eta hori —sofan eroso dagoenaren begietatik behintzat— traizio egitea da Ur Handitan deitu eta horrenbestetan txalotzen dugun saio eder horri. Baita izan zitekeen beste gauza horietako edozein balitz, harro erakusteko modukoa litzatekeela aitortuta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.