Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zentsurak

2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ka(u)sualitateak zer diren. Lau opor egun Islandian ibili ostean, ama deitu nuen Whatsapp bidez astelehenean. Bideo deia berehala erantzun zuen, baina ez zion jaramonik egin pantailaren aurrekoari. «Telebista ikusten ari naiz (ETB2), dokumental oso interesgarria dago Islandiari eta Euskal Herriari buruz», esan zuen. Baskavigin lana (2016), hain zuzen ere. 1615ean, euskal baleontzi bat ehizan abiatu zen Islandiara. Hara heldutakoan, ordea, islandiarrek ez zituzten begi onez hartu bisitariak. Gainera, eguraldi txarrak irlan harrapatu zituen euskaldunak, eta bizirik irauteko benetako kontakizuna jasotzen du. Izatez, 2015era arte, «legezkoa» izan da euskaldunak hiltzea Islandian.

Amarekin hitz egiten jarraitu nahi nuen. Esan nion dokumentala geroago ikus zezakeela EITB Nahieran-en. Baina berak ezetz erantzun zidan. «Ez zentsuratu nire arratsaldea, mesedez».

Vox alderdiko programa politikoaren arduradunak iragarri du telebistan zentsura aplikatuko dutela Espainiako gobernuan sartuz gero. «Ahal badugu, La Sexta katea itxiko dugu». Santiago Abascal buruzagiak zehaztu du autonomia erkidegoetako telebista publikoak itxiko dituztela «bakarrik». Horrez gain, «estatu kolpearen zerbitzura jarritako telebistak» aztertuko dituztela. «Publikoak eta pribatuak».

Kontu horrek ez nau harritzen. Googlek Press TV kontuaren Hispan TV saioa itxi du. Hori gutxi balitz, hedabidearen Gmail posta zerbitzua blokeatu du. Interneteko bilatzaile handiaren arabera, Press TVk «arauak urratu ditu». Halere, Googlek ez du azalpen gehiagorik eman. Barry Grossman abokatuaren arabera, Googlek bestelako narrazioak eta ikuspuntuak isilarazi nahi ditu, eta iritzi publikoaren kontrola izan. Elijah Magnier kazetariak dio, bestalde, jada ez garela mundu libre batean bizi. Areago, bere ustez ez da «inoiz» librea izan. «Adierazpen askatasuna erlatiboa da».

Larria da alderdi politikoek telebista publikoak ixteko nahia adieraztea. Larria da, halaber, ahotsik gabekoei lekua ematen dieten hedabideen zein kazetarien lana Googlen eran oztopatzea. Baina testuinguru honetan arriskutsuena zera da: inolako azalpenik eman beharrik gabe, enpresa handi horientzat bestelako ikuspegiak zentsuratzea gauza arrunta bilakatu izana. Eta joera hori hasi besterik ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.