Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Debatea'

2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako hauteskunde kanpainako telebista eztabaidaren iritzi zutabea duzue gaurkoa. Euskaraz. Gaztelaniazko hedabideek atzoko argitalpenetan jasotakoak osatzeko asmoz. Gobernuburu izateko hautagaien «debatea» zuzenean jarraitu nuen, TVEn. Tarteka sofatik altxatu nintzen, halere; audientziarekin konektatzeko politikarien gogo ezak eraginda. Erresuma Batuko azken eztabaida politikoekin alderatuz, kaleko jendearen parte-hartze falta ikusi nuen astelehenekoan. Alderdi kontserbadoreen burua aukeratzeko uztaileko saioan, esaterako, Erresuma Batuko hainbat esparru demografikotako lagunen galderetan oinarritu zuen gidoia BBCk. Areago, zuzenean parte hartzera gonbidatu zituzten lagun horiek. Finean, boto emaileek zer pentsatzen duten jakitea izan beharko luke alderdi politikoen kezkarik handiena. Baita halako eztabaidak antolatzen dituzten telebista kate edo erakunde publikoena ere.

Bestalde, alderdi politikoen aniztasuna urria izan zen. Hau da, ez zuten Kataluniako, Hego Euskal Herriko eta Galiziako ordezkaririk gonbidatu. Bitxia, gutxienez, bada. Izan ere, Kataluniako auziak eztabaidaren minutu gehienak hartu zituen. Pedro Sanchez PSOEko buruak proposamen zehatza egin zuen horren harira: TV3 Kataluniako kate publikoaren administrazio kontseilua aukeratzeko, Parlamentuaren bi herenak behar izatea. Kontua da formula hori urriaren 23tik dagoela onartua. Kultura eta zientzia gaiez, bestalde, eztabaidarik ez zen egon. Ohi legez.

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko hautagaia normalean baino motelago antzeman nuen. Gainerako parte hartzaileak oihuka eta elkarri mokoka aritu ziren etengabe, eta horri haien eskuinaldeko diskurtsoak erasten badizkiegu, haserre jarrera indartsuagoa espero nuen Iglesiasengandik. Diotenez, emakumeen botoak erakartzeko estrategia da. Gizonezkoek nahiago izaten baitute oihuak entzutea telebistan. Nork ikusi zuen debatea? Kantar Mediaren arabera, guztira, 8,6 milioi ikusle batu zituen. Gehienak Madrilgo erkidegoan (%64,7) eta Gaztela-Mantxan (%61,1) izan ziren. Aitzitik, Galizian (%47,5), Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (% 44,5) eta Katalunian (%42,1) jarraipen txikiagoa izan zuen. Sexuaren arabera, berriz, gizonezkoen (%56,8) artean arreta handiagoa bereganatu zuen, emakumezkoekin alderatuta (%48,8).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.