Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Kontraprogramazioa hauteskunde gauean

2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Audientzia datuek diotenez, zuzeneko programak gero eta gutxiago ikusten dira. Albistegiak salbu. Seguraski, informazio tarteak dira edukien kontsumo testuinguru berrian bizirik irteten diren bakarrenetakoak. Are gehiago, askotan horiek dira kateen produktu izarra. Hedabide publikoetan zein pribatuetan. ETBko ikusle kuota begiratuta, ETB1eko Gaur egun eta ETB2ko Teleberri dira ikusle leial gehien biltzen dituzten zuzeneko saioak. Gaztelerazko katearen kasuan, horrez gain, En Jake eta QMC saioak azpimarratu litezke; %10eko eta %7ko batez besteko kuotarekin, hurrenez hurren. Euskarazkoan, aldiz, Egun on Euskadi eta Eztabaidan; %1eko eta %1,5eko kuotaren bueltan.

Hori horrela, hauteskunde garaian, informazioaren aldeko apustu are handiagoa egiten dute telebista kateek. Eusko Legebiltzarreko bozetan halaxe egin du EITBk. Hori bai, euskarazko eta gaztelaniazko kateak desberdin tratatu ditu. Euskaraz informatzeko eta eztabaidatzeko programazioa txikiagoa izan da. Adibidez, hauteskunde debatearen aurretik eta ondotik, adituen mahaia jarri zuten ETB2n; ETB1en, aldiz, ez zen egon. Horri erantsi gaztelaniazko saioa uztailaren 7an egin zutela, eta euskarazkoa, berriz, bost egun lehenago: uztailaren 2an. Proba gisa? Total, 8.000 ikusle eta %1,5eko ikusle kuota bildu(ko) zituen euskarazkoak.

Igande gauean, sekulako datuak eskuratu zituen ETB2k. Xabier Garcia Ramsden, Africa Baeta eta Juan Carlos Etxeberria kazetariek gidatutako programa bereziak, zehazki, ia %26ko ikusle kuota izan zuen EAEn. ETB1ekoak, berriz, %2,7koa; Yerai Diazek, Xabier Usabiagak eta Iban Garatek gidatuta. Hau tristura. Halere, zuzenekoen indarrari eman nahi nioke atentzioa gaurko Ekografian. ETB bidez jarraitu bazenuten hauteskunde gaua, konturatuko zineten nola EH Bilduko lehendakarigai Maddalen Iriarte bat-batean moztu zuten Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea sartzeko. Iriartek minutu bat eskas egin zuen hitza hartuta, eta azpimarratu behar da Ortuzar ez dela ezta EAJko lehendakarigaia ere. Horri erantsi EH Bilduk 20.000 boto irabazi eta EAJk 48.000 galdu dituela hauteskunde hauetan. Telebista publikoaren kontraprogramazio estrategia garbia izan zen. Lotsarik gabe egina. Euskal audientziarekiko begirune falta ahaztu gabe. Ezer aldatzeko asmorik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.