Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Beira arteko luxu erakargarria

2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Arrakasta izateko osagai ugari dauzka Nick Hurran eta Jan Maria Micheliniren Devils telesailak: a) gaurkotasun handiko gaia du, nazioarteko finantzak eta horiek krisi ekonomiko globalaren sorreran eta bilakaeran izandako eragina; b) gaiari dagokion dotoretasuna eta luxua—ikusle gehienontzat era honetako fikzioetatik kanpo arrotz, ezezagun eta ezin iritsizkoa— etengabe eta merke-xuhurkeriarik gabe dago islatuta irudietan; c) pantaila ondo betetzen duten aktoreak ageri dira une oro, batez ere istorioko duelu nagusiko bi protagonistak, Patrick Dempsey (Dominic Morgan CEO gupidagabea) eta Alesandro Borghi (Massimo Ruggeri eragiketa buru, trader, trader-buru edo dena delako trebe eta leiala); eta d) jakin-mina pizten duen trama bat eskaintzen du, ondo taxututako thriller bati dagokion moduan. Otsailaren 3an hasi zen Devils ematen Movistar Plus, eta datorren astean emango du hamargarren eta azken kapitulua.

Tramaren xehetasunak ondo ulertzeko oso adi egotea eskatzen duten fikziozko lan horietako bat da Devils, batez ere ikusleak ez baldin badu ondo ezagutzen nazioarteko finantzen mundua eta hura mugitzen duten —eta hark mugitzen dituen— mekanismoak; telesail hau ikusi arte ez baldin bazekien, adibidez, chief exucutive officer delakoari, hau da, zuzendari exekutiboari, deitzen zaiola CEO.

Kontaketaren hainbat unetan, telesailak nazioarteko finantzen munduaren goiko erpinean daudenak hiltzaile gupidagabeak direla ematen du aditzera, jendea, Andoni Egañak esango lukeen moduan, hegazkinka hiltzen dutela, zeharka eta legearen barruan gehienetan, eta ez hain zeharka eta legea urratuz ere bai, hala egokitzen denean. Batzuk ez dira egiten dutenaren ondorioez ohartzen, eta, ohartzen hasitakoan, kontzientzia arazoak nozitzen dituzte; beste batzuk, aldiz, egiten ari direnaz ohartuta eta damuaren aztarrenik gabe dira hiltzaile. Salaketa hori indartzeko, telebistako irudi errealak tartekatzen dira une batzuetan telesailean, aditzera emanez nazioarteko finantzen uretako igerilari onenak herrialde osoen miseria dutela aberastasun eta botere iturri. Baina salaketa horrek ere, beharbada artifizialegia delako edo, ez du askorik higatzen telesailak erakusten duen beira arteko luxuzko mundu horren erakargarritasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.