Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Giza gatazkak Kepler22b-n

2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bi androide, «Aita» eta «Ama» izenekoak, planeta misteriotsu eta basati batera —Kepler-22b exoplanetara— iritsi dira, hara eraman dituzten hamabi giza enbrioiak haur bihurtu, hazi eta hezteko aginduari men eginez, gizakia, gerra gogor baten ondoren, betiko galtzear den espeziea baita, babes premia handia duena. Sei enbrioi ez dira jaio ere egingo, eta, planetako baldintza gogorren ondorioz, jaiotako sei haurretako bakar bat geratuko da bizirik lehen urteak pasatu eta gero, Campion izenekoa. Ez dira hor amaituko arazoak, gizakiek erlijio gorabeherengatik dituzten gatazken ondorioak nozitzea egokituko baitzaie bi androide gurasoei eta Campioni. Mitraikoek —Lurreko gerraren irabazleek— ez dute ontzat hartzen androideek gizakiak heztea; ateoen ustez, aldiz, zientzia da bizitzarako eta aurrerapenerako bide bakarra, eta ez dute eragozpenik giza haurrak androideen zaintzapean uzteko. Horrela laburbil daiteke Aaron Guzikowskik eta beste zenbaitek idatzi eta Ridley Scottek eta beste zenbaitek zuzendutako Raised by Wolves telesailaren (HBO) hasierako planteamendu nagusia.

Hortik abiatuta, adar asko dituen gidoi konplexu eta aberats batean oinarrituta, androideak eta gizakiak, gizaki erlijiosoak eta ateoak, helduak, nerabeak eta umeak... askotariko pertsonaiak eta askotariko gatazkak aurkezten ditu telesailak, modu sinesgarrian, sinesgarritasun gero eta handiagoz telesailak aurrera egin ahala, behintzat ikusleak hasierako sinesgarritasun-ituna eta, horrekin batera, zientzia fikzioaren generoko zenbait azalpen eta irudi topiko onartu eta gero.

Ez da hori telesaila erakargarri egiten duen meritu bakarra. Arestian aipatutako elementu horiek guztiek oso gaurkoak eta gureak diren gaiak planteatzen dituzte, hala nola gerra, erlijio sinesmenak, zientzia, teknologia, familia harremanak, gizakien—eta androideen— arteko adiskidetasun, maitasun eta konfiantza harremanak... beste batzuen artean; hori guztia ongiaren eta gaizkiaren arteko bereizketa manikeorik gabe, behin betiko irtenbiderik eskaini gabe.

Klasiko goresgarri bakanez eta maila eskaseko lan ugariz hornitutako generoa da zientzia fikzioa, idatzizkoa zein ikus-entzunezkoetakoa. Lehenengoetakoa izan gabe ere, horietatik gertuago dago bigarrengoetatik baino Raised by Wolves.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.