Etxean kontatu didatenez, Julen Lekuonak, Aizpurutxoko apaiz etxean telebistarik ez zeukanez, gure etxean ikusi zuen, Azkoitian, Espainia Eurovisioneko finala irabazten Massielen La, la, la ospetsu eta mitikoarekin, joan den mendeko urte urrun samar batean, Franco artean ere bizirik eta garaipen harekin pozteko eta puzteko moduan zegoenean. Artean ere haur txikia nintzenez, ez daukat Julen Lekuonaren orduko oroitzapenik; gerora izan nuen haren berri, Ez dok Amairuren historia eta beste ezagututakoan, baina pena daukat pertsonalki ez ezagutu izana, Massielen garaipenaz zer oroitzapen zeukan galdetzeko, besteak beste.
Baina Massielen La, la, la gogoratzen dut, Espainiaren garaipen haren oihartzunak luze iraun zuelako Euskal Herriko bazter espainiartuetan. Salome ere ez daukat ahaztua, Massielek irabazi ondorengo urteko Espainiako ordezkaria Eurovisionen, Vivo cantando-rekin. Kanta horren euskarazko bertsioa ere ezagutu nuen, nola ez ba!, Salomek berak kantatua Luis Iriondok egindako itzulpena tarteko (Youtuben ikusgai, eserita badaezpada ere).
Ez baitzen ahuntzaren gauerdiko eztula garai hartan Eurovision, ez horixe! Reader's Digest aldizkariaren espainierazko bertsioa bezala, mundu perfektu baten isla moduko bat zen garai hartan, 60ko hamarkadan, Mendebaldeko zibilizazioaren gailentasuna eta perfekzioa ilustratzen zuen gailur artistiko halako bat. Esan beharrik ere ez dago, ordea, jauregi apain eta dotore hartako egongelako alfonbra azpian hauts eta zabor mordoa zegoela pilatuta, eta sotoan hilotzak.
Gaur egun, gainbehera baten isla nostalgiko eta modaz pasatua baino ez da Eurovision, nahita ere garai berrietara ezin egokituta, eta betidanik saldu nahi izan duen herrien arteko adiskidetasun eta elkartasun mezuak ez dauka heldulekurik.
Duela bi urte, Tel Aviven jokatu zen finalean, Islandiako Hatari musika taldeko kideek Palestinako bandera atera zuten —gaiari buruzko dokumentala estreinatu berri du Filminek, Anna Hildurren A Song Called Hate—, eta bihar Rotterdamen jokatuko den finala «politizatzen» saiatzen diren herrialdeak isunekin zigortuko dituela iragarri du Eurovisionek. Alferrik dabiltza, ordea. Eurovisionek ezin ditu jada alfonbra azpiko hautsa eta sotoko hilotzak ezkutatu.

EKOGRAFIAK
Eurovision eta sotoko hilotzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu