Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Gogoan geratzeko modukoa

2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Azkenaldian estreinatutako telesailik laudatuenetako bat da Craig Zobelen Mare of Easttown (HBO, 2021), eta laudorio guztietan egiten zaio aipamen berezia Kate Winslet aktoreak egindako antzezpen lanari. Motiborik ez da falta laudorio horietarako, kontatzen duen istorioak eta aktore nagusiaren indarrak erakargarri egiten baitute lan hau, atal bat ikusi ondoren hurrengoa ikusteko gogoa pizten duten horietakoa.

AEBetako herri txiki eta ez bereziki alai batean kokatzen da krimen baten argiketan oinarritutako thriller hau, eta pertsonaia nagusia, Mare (Kate Winslet), argiketa lan horiek obsesionatzen duten polizia da, bizitza pertsonalean ere arazo, ezinegon eta katramila handiei aurre egi behar diena: doluaz gain, erruduntasun zamahandia utzi dio semeak bere buruaz beste egin izanak; bilobaren —seme zenduaren umearen— zaintzaz arduratzen da, baina umearen amak, gizarteratze prozesuan urrats sendoak eginez, umearen zaintza kendu nahi dio; bilobaz gain alaba eta ama ere etxean ditu, baina elkarbizitza ez da batere gozoa izan ohi egunerokoan; senar ohia gertu bizi da eta ez du askorik behar izaten harekin liskarrean hasteko...

Bizitzak ezarri dizkion zama astunak bizkar gainetik ezin kenduta, ingurukoekin, eta jendearekin oro har, gutxieneko gozotasunez eta bizipozez zipriztindutako harremanak izateko ezintasunak dauka etengabeko abailduran preso hartua Mare. Bitxia izan daiteke, baina Koldo Almandozen Hondar ahoak telesaileko Nerea (Nagore Aranburu) dakar gogora behin baino gehiagotan, ez harremanetarako gozakaizkeriagatik soilik; baita janzten duen arropa beti ilun eta itzaliarengatik, erretzen dituen zigarro elektronikoengatik eta ikerketan kide egokitzen zaion polizia tratatzeko moduarengatik ere, besteak beste. Nerea ezin da, jakina, Mareren kopia bat izan, aurretik sortua baita, eta harrigarria litzateke Mare Nerearen kopia izatea. Agian, besterik gabe, batak zein besteak beste telesail bat eta beste pertsonaia bat, edo batzuk, izan dituzte inspirazio iturri.

Telesail asko ikusiz gero, gehienak laster batean ahaztuak izateko arriskua dago. Baina susmoa dut Mare of Easttown, joera nagusiaren aurka, gogoan iltzatuen gelditzen diren horietakoa dela, Kate Winsleten lanari esker, neurri handi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.