Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Telefonoa

2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoa, eskuko telefonoa, telefono mugikorra, zelularra, sega-potoa...; edo telefonoa, besterik gabe, abizenik gabe, markarik gabe, marka telefono finkoari utzita, hura baita gaur egun bazterreko, gero eta bazterrekoago; harik eta egungo telefono gazte horri beste izen batez deitzen hasten gatzaizkion arte behintzat, auskalo nola, telefonotik gero eta gutxiago baitu, proportzioan bederen.

Nola deitu behar diogun ez dakigu, baina badakigu bete-betean sartu zaigula delako aparatu hori gizartean, etxean, sakelan, eskuan, bihotz-begietan, buruan, burmuinaren muinean. Beste gairik ez da hiruzpalau urtetik gorako haurren eta nerabeen gurasoen artean, debekua, orduen murrizketa eta mugak, sozializazio birtuala, pornografia, aholkularitza elkarteak eskoletan hizlari, guraso-kontrolak, irakurketa-ulermenaren galera, burmuinaren moldaketa... Silicon Valleyko langilerik kualifikatuenek demoniozko trastea debekatzen omen diete seme-alabei. Zorioneko telefono madarikatua!

Telebistari puska handia jan dio oraindik ere telefono deritzogun horrek, batez ere belaunaldi berrien kontsumo ohituretan, lehen ordenagailua jaten hasi zitzaion bezala. Gero eta zaharragoen kontua bihurtzen ari da telebista, garai batean hain indartsu eta eraginkor izandakoa, egunkaria bezala, irratia bezala, ordenagailua bera bezala ere neurri handi batean, tableta desagertzeko zorian utzita, eta liburu elektronikoa txoko murritzean leku egonkor samarra eginda, paperezkoari traba handirik egin gabe.

Telebista ere bihurtzen baita, telebista txikia bada ere, telefono deitzen diogun hori, guk hala nahi izanez gero, etxetik kanpo edo etxeko gainerako bizilagunen erabakitik kanpo gaudenean, adibidez. Telefono oraindik gazte horrekin alderatuta, desagertzeko zorian dagoen dinosauro zurrun eta moldakaitza bihurtua da dagoeneko, gure iruditerian, telebista.

Hala ere, telefonoak ez du telebista hilko, telebistak irratia hil ez zuen moduan, ezta irratiak prentsa idatzia ere, ezta prentsa idatziak txutxu-mutxuak ere. Kenketarik gabe, batu egiten dira tresnak oro, pilatu, metatu, Quino zenaren aspaldiko bineta ezagun batean etxetresnak pertsona ezabatzeraino metatzen ziren bezala. Denok enpo eginda nondik edo handik lehertuko garen unera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.