Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Mundakarra Uztaritzen

2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Aspaldi antzean telebistan ikusi gabe nengoen idazle ezagun bat ikusi nuen orain hurrengoan Hamaika Telebistako webguneko bideo batean. «Edorta Jimenez naiz, Mundakakoa, beraz, bizkaitarra, eta hemen nago, Uztaritzen», entzun nion. «Asmoa hiru aste hemen ematea da, hiru zatitan zerbait idazteko, Geuretik Sortua ekimenaren barruan».

Idazten duena uztariztarrek ere irakurriko dutela pentsatzeak erabiliko duen hizkerari buruz kezkatzera eraman omen du Jimenez: «Hemen ohartzen baikara Hegoaldean, eta Hegoaldeko gune indartsuenetan, zer euskara erabiltzen den, eta zein den hemen erabiltzen dena, eta ez dugula batasunerako biderik egiten».

Hortik abiatuta, gogoeta orokorra egiten du gero idazleak Hamaika Telebistako bideoan: «Zubiak eraiki behar ditugu eta gehiengoak irabazi kulturarentzat, horretan lan egin, eta elkar ezagutu eta elkarrekin egon. Bidea luzea da, eta bidea kulturaren bidez egingo da, hein handi batean, eta kultura ekonomia bihurtzeko gai baldin bagara errazagoa izango da Lapurdi eta Bizkaia elkarri hurbiltzea. Elkar ezagutzea da hemen garrantzizkoa».

Aspalditik eta maiz entzundako kontuak iruditu zitzaizkidan guztiak, baina berriro ere plazaratu beharrekoak, ikusirik bide horretan zein gutxi aurreratu den, eta zenbat pauso egin diren atzera azken hamarkadetan.

Telebistagintzaren arloari erreparatuz gero, egoera zinez etsigarria da, Frantziako Errepublika eta Espainiako Erresuma bereizten dituen muga amildegi sakona baita, elkarrekin zerikusirik ia batere ez duten bi errealitate bereizten dituena. Frantsesari estu lotua bata, espainierari bestea, bietan euskarak presentzia urria duelarik; urriagoa, alderdi kontinentalean penintsularrean baino.

Telebistan oso urria da idazle mundakarrak Uztaritzetik aldarrikatutako zubigintza, eta, kontuan hartuta horretarako daukan ahalmena, ezin esan horretan ere, antzeko beste kontu batzuetan bezala, ETBk behar adinako ahalegina egiten duenik. Zubiak egitea maite baitu, baina aiseago ia beti Ebrotik beherako lekuetara Bidasotik gorakoetara baino, ETB1en horretarako joera ETB2n baino apalagoa bada ere.

Aspalditik eta maiz entzundako kontuak berritu dizkigu Mundakako idazleak Uztaritzetik. Baina berriro ere plazaratu beharrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.