Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Goraldia, erorialdia eta legezko bahitura

2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Erantzun argirik gabe geratzen da amaieran Britney Spears fokupean dokumentalak planteatzen duen galdera nagusia: nola da posible urtero milioika dolarreko irabaziak lortzen dituen 39 urteko emakume bat bere erabaki propioak ezin hartuta bizitzea bere borondatearen kontra? Horixe baita, antza denez bederen, Britney Spears pop izar estatubatuarraren kasua, aitak duela hamahiru urte haren legezko tutoretza bereganatu zuenetik, epaitegiek eta epaileek hala erabakita. The New York Times-ek ekoitzitako ikus-entzunezkoa da Framing Britney Spears —hori du jatorrizko izenburua—, aurten estreinatua, eta ETB1ek eman zuen, euskaraz bikoiztuta, joan den igande gauean.

Indar mediatiko ikaragarria izatera iritsitako pop izar baten goraldia eta erorialdia kontatzen ditu hasieran dokumentalak, era honetako istorioetan ohikoak diren gorabeherekin gozo eta oparo hornitua: goraldian, hasierako zailtasunak, zalantzak eta ezinak, baina baita pausoz pausoko aurrerapen txiki baina erabakigarriak ere; erorialdian, bizitza pribatu orekatu eta patxadatsua izateko ezintasuna, adiskide itxurako odol zurrupatzaileak, gorroto bilakatutako amodioak, familia-hausturak, drogak, buruko osasun arazoak... Erakargarriak izaten dira gisa horretako istorioak, iritsi ezina zaigun mundu bat erakusten baitigute, baina haietara iritsi ez izateagatik geure buruaz errukitzeko arriskurik gabe, inbidiatik ere libre, gauden moduan, geure anonimotasun grisean, geure egunerokotasun arruntean, primeran gaudela gogorarazten baitigute.

Baina beste kasu askotan amaiera izaten dena beste istorio baten hasiera da Britney Spearsen kasuan, lan egin eta diru asko irabazi arren, tutoretzapean eta, itxura guztien arabera behintzat, bahituratik oso gertukoa den egoeran bizitzera behartutako artista arrakastatsu eta maitatuarena. Legez bahitua eta behartua, guztiz argi ez dauden arrazoiengatik eta ezin jakin noiz arte.

Iritsi ahal den lekuraino iristen da dokumentala, eta ezin zaio eskatu Britney Spearsen azken urteetako egoeraren misterioa argitzeko. Luzeegia ere bada aukeran, une batzuetan errepikakorra eta aspergarria gertatzen da. Baina, oro har, modu erakargarrian jasotzen ditu alderdi askotatik interesgarria gerta daitekeen istorio baten argiak eta ilunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.