Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zuk ikusi

2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Azken urteotan zutabe honetan errepikatu den mantrarik bada, hauxe da: euskarazko fikzioa behar dugu. Behar, hori izan da hitza. Ez baita nahi indibidual gisa formulatu inoiz, ezpada beharrizan modura. Euskarak, Euskal Herriak, sektoreak, fikzioa behar du, biziraungo badu. Eta ez da baieztapen okerra —okerragoak badira makina bat—, baina behar hori asetzeko bideak zabaldu ahala, beste gabezia txiki batzuk ere azaldu zaizkigu han eta hemen.

Joan den hiru urteotan euskarazko fikzioan lan mordoxka bat ekoitzi ditu EITBk: Ihesaldia, Altsasu, Alardea, Etxekoak, Hondar ahoak, Beti Mugan. Garai bertsuan ekoitzi dira beste makina bat websail ere; EITBn zein EITBtik kanpo: Pikuak, Tantaka, Kartzela, Gutuberrak, Puntu koma... Eta salbuespenak salbuespen, arrakasta mugatua izan dute gehienek; datuek ez dute euskarazko edukien gose basati hori bazenik frogatu.

Fikzioaren egiak izan daitezkeen ondorio parea atera daiteke bertatik. Lehenengora heltzeko baliabideetan jarri behar da fokua: euskarazko ekoizpenek Netflix, HBO eta gisako erraldoiekin lehiatu behar dute gure arreta—eta denbora— berenganatzeko. Kalitate bikainenekoak izan behar dute horretarako, eta hori lortu nahi bada, egileei (orain arte eskaini zaiena baino) denbora eta diru gehiago eskaini behar zaie. Baliabideak dira bide bakarra.

Bigarrenerako, aldiz, begira diezaiola nork bere zilborrari. Hauxe galdetu dut nik ahozgora, nireari begira jarrita: zerrenda horretako zenbat ikusi ditut? Zenbat osorik, hasi eta buka? Eta bigarren itzulia ere badu galderak: nik—euskal prentsako irakurle, Twitterreko voyeur, fikziozko edukien zale— ikusi ez baditut, nork ikusiko ditu? Zenbatek?

Erantzunak ez nau gehiegi asebete, eta katekesia egin genuenoi gertatzen zaigunez, kulpa kristauaren zama etorri zait bizkar gainera: zilegi al da eskatu bai, baina gero egiten dena ikusteko ahaleginik ez egitea? Aldarrikapenak aldarrikapen, ez al gaude—nago— oso eroso, plataforma handiekin liluratuta, baita euskarazko edukirik gabe ere?

Eskerrak erru sentimendua gainetik kentzeko asmoak diseinatzen diren hilabetean gauden. Garaiz, oraindik. Iraila amaitu aurretik, erdibidean utzitako Alardea eta Beti mugan ikusiko ditut nik. Eta zuk? Zer esango dizut nik: zuk ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.