Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Altxa burua eta mugitu ipurdia

2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pandemiak gizaki hobeak egingo gaitu, esaten zuten. Batek baino gehiagok —krisi existentzialetan galtzeko pribilegioa-edo izan dugunok— adierazi genuen itxialdiak begiak zabaldu zizkigula: kolpetik ohartu ginela gelditzeko eta lasaiago bizitzeko genuen premiaz; munduaren erritmo gehiegizkoaz; elkar zaintzearen garrantziaz; erabakiak atzeratzearen zentzugabetasunaz. Deskubritu genituen afizio eta ilusio berriak: postregintza, yoga, xakea. Eta gehiago edo gutxiago, denok besarkatu genuen abesti, talde edo musika molde berri bat —aspermenez edo liluraz—, etengabe entzun genuena nota bakoitza gogoan iltzatu arte.

Musukoak jantzita jarraitzen dugulako ez balitz, amets arraro bat izan dela lirudike. Horregatik, eta badelako orduko bizipen pertsonalak bilduz kontakizun zabalago bat osatzen ari den telebista saio bat: Hamaika telebistaren Altxa burua. Reyes Ilintxeta kazetaria du aurkezle, eta Nafarroako gizartearen ertz hainbati pandemiak nola eragin dion ari da aztertzen. Ausarta da apustua: asko lehenbailehen ahaztu eta lehengora —edo antzeko zerbaitera— itzultzeko presaz gauden bitartean, haiek bi urte aldrebes hauei begira jarri gaituzte.

Pandemiaren soinu banda izenburua daraman atalari egin diot kosk, eta ezagutzen nautenak ez dira harrituko batere. Urte eta erdi honetan gehien entzun ditudan bi musika taldeetako kideak agertzen baitira bertan: Ibil Bediko Amets Aranguren eta Ibai Osinaga; eta Chill Mafiako Ben?at Rodrigo, Julen Goldarazena eta Irene Cervantes. Bostak bat datoz aurreneko ondorioan; modu batera edo bestera, beren proiektuei mesede egin die pandemiak: denbora gehiago izan dute abestiak sortzeko, eta, horrez gain, antzeman dute publikoa berritasunerako gogoz zegoela. Gosez, adi, alegia.

Berehala ohartu naiz, orain artean arretarik eskaini ez banion ere: pandemia hasi baino lehen, ez (ge)nituen Ibil Bedi ez Chill Mafia ezagutzen. Orain gutxi arte, ez genekien zer zen Laba. Itxialdia gertatu aurretik, aspaldi ez (ge)nuen burua altxa eta jakin-minezko begirada Nafarroan edo Irun?ean jarri.

Pandemiak ez gaitu gizaki hobeak egin. Presaka bizi gara berriro, eta arroz esnearen errezeta ahaztu zitzaigun aspaldi. Baina Ibil Bedi, Chill Mafia edo Tatxers bezalako taldeak ezagutzen ditugu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.