Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ikusmira

2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zerk pizten du zure ikusmira? Zerk mantentzen zaitu pantailara pega-pega eginda, zure betebeharren zerrenda erabat ahanzteraino? Zerk eragiten du zugan erakarpenik itsasgarriena, baita deseroso sentiarazteraino ere? Paisaia ederrek, hizlari inspiragarriek, film berritzaileenek nahi zenuke erantzun. Baina hala ote? Lasai, ez zaude bakarrik. Lo arin samarrekoa naiz, eta sakelakoa eskuan, historiako hiltzaile ilunenen berri ematen duten Twitterreko hariak irakurtzen aritu nintzen atzo.

Ez diot nik gizakiaren joera berezkoa denik, ez diot nik ez gaituztenik, sotilki edo ez hain sotilki, horretara zaletzeko hezi; baina han-hemengo formatu ikusienen zerrenda errepasatzea nahikoa da ohartzeko: gaur eta hemen ikusmira irrazionala pizten duten zerak, bi dira: misterioa —fikziozkoa edo ez, heriotza zenbat eta gordinagoekin bada, hobe— eta beste pertsona erreal batzuen (ustezko) miseria eta xelebrekeria. Thriller edo reality-etan bakarrik ez, azken urteotako dokumentalgintzaren joeran ere antzeman daiteke: Netflixen Tiger King sailak plataformaren markak gainditu zituen, eta badu, gehiago edo gutxiago, bietatik.

Heriotzarekiko morboa ez da gauza berria; makina bat psikologok aztertua izango dute. Hori baino deigarriagoa egiten zait bestea: desberdin, xelebre, friki etiketapean katalogatu ohi ditugun horien bizitzak ikusteak eragiten digun lilura. Bizitza presentzialean —kontzienteago edo ez— arbuiatzen ditugun horiek jakinmina eragiten digute. Aste honetan bertan ikusi dudan dokumental laburrak haizatu dit gogoeta: Bego Anton artistaren hainbat lan daude Donostiako Tabaleran ikusgai, eta haietako batek —Everybody loves to ChaChaCha du izena- AEBetan euren zakurrekin batera dantzatzean datzan diziplina batean lehiatzen diren pertsonak erakusten ditu. Oso helduak dira gehienak, eta zakurren irudiz jositako etxe zaharkituetan bizi dira, kaninoz inguratuta.

Antonek berak kontatu du errespetutik eta parodiara eraman gabe erretratatu nahi izan dituela. Ez dut bere asmoez batere zalantzarik; baina hainbeste zukutu dute telebistek formula hori, non ez den zalantza hori batere erraza uxatzen: errudun sentimenduarekin nahasten den lilura eta ikusmira hori izan daiteke errespetuzkoa oraindik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.