Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Abiapuntua

2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hau Abiapuntua da. Baina ez da soilik programa bat, giza esperimentu bat da. Osagaiak: sei gazte, errealitate ezberdinak eta puskatu beharreko aurreiritziak». Hala dio ETB1erako Baleuko ekoiztetxeak garatu duen Abiapuntua saio estreinatu berriak. Xabier Madariaga du aurkezle, eta pantailen atzean, Ur handitan saio arrakastatsuaren lantalde bertsua dago. Protagonistak, ordea, astez aste lagunduko gaituzten sei gazteak dira. Hor bada, hasteko, zer iruzkindua: gazte etiketak ia edozeinentzat balio duen garaiotan, terminoa modu malgu samarrean hartu dute. Baina adinak adin, seiko talde hetereogeneoa da ikusleak parez pare izango duena; haiek ezagutu eta arakatuko dituzten bizipenak ezagutuko ditugu.

Lehen saioan aniztasun funtzionala hartu dute gai nagusi. Madariagak berak eman du saioaren begirada zehazten duen azalpena: «Ez da ezgaitasuna definitzeko erabiltzen den terminoa, desberdin funtzionatzeko gaitasuna definitzeko baizik». Ez datoz denak bat hitz horiek beren baitan duten nolabaiteko infantilizazio horrekin, baina supituki arre edo so egin behar horretan, hala hautatu dute. Sei gazteek ikusmen urritasuna, entzumen urritasuna eta mugimendu urritasuna duten pertsonen egunerokoa ezagutu dute; xehetasun txikienek ere —kalearen antolaketak, adibidez— haiengan duen eraginaz jabetzea. Hori da saioaren ezaugarri nagusia: gazteak ez dira informazio bila hara edo hona doazen protagonista soilak. Ezagutuko duten errealitatea bizi egiten dute, besteen azalean jarri eta gogoetak bizipen horietatik abiatuz. Horretarako, urritasuna duten pertsonak lagunduta, euren oztopo bertsuak jarri dizkiete binaka: gurpildun aulkia, ikusteko ezintasuna edo entzutekoa.

Teknikoki ez da Ur handitan edo gisakoek duten apustu estetiko bertsua, baina erritmoz bizia da, eta gazteak hiru talde desberdinetan banatzeak arindu egiten du saioaren garapena. Interesgarriena, ordea, lehen atal horretan behintzat, gaietan murgiltzeko bide desberdin bat aurkitu izana da. Programako sei gazte protagonisten dorpezia, lotsa eta kontraesanak gutako askok izan genitzakeen bertsuak dira, eta haien ikasketa-prozesuan ispilu lana egiten dute. Akaso, diskurtso borobil eta hunkigarriak aurkeztea baino interesgarriagoa izan daiteke. Hori da abiapuntua, garapenaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.