EKOGRAFIAK

'Voyager'

Amaia Garcia.
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Zaborraren inguruan idatzi zuen atzo Lander Arretxeak. Bere zutabea irakurri ostean, gure zabor hori aztertuko duten arkeologo horietan pentsatu dut, eta beste aurkikuntza bat etorri zait burura. 70eko hamarkadan Carl Sagan astronomoak Voyager espazio-zundetan espaziora bidali zituen. Eguzki sistema hobeto ezagutzeko bidali ziren bi zunda horiek, eta haien barruan urrezko disko bat zegoen. Disko horren helburua munduko soinu desberdinak helaraztea zen. Disko horretan 55 hizkuntzatako esaldiak daude, naturako doinuak eta Bach, Beethoven edo Chuck Berryren musika. Ismael Serrano kantautoreak abesti bat eskaini zion Voyager espazio-zundari, eta beste planeta batean horrelako aurkikuntza bat entzutea zein ederra izango zen imajinatzen zuen Habitantes De Alfa Centauro Encuentran La Sonda Voyager abestian.

Voyager espazio-zunda berri bat bidaliko balitz, soinuez gain, irudiak bidaltzeko aukera izango genuela uste dut. Urrezko disko horretan zer sartu genezakeen pentsatzen egon naiz zutabea idatzi baino lehen, eta telesail batzuk ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Carl Saganen ideiari jarraituz, munduaren gauza ikusgarri eta ederrak jarriko genituzke disko horretan, baina nola aukeratu?

Hilketen inguruko telesailak jarriko bagenitu, gizakiak hiltzaileak garela pentsatuko lukete, beraz Killing Eve edo Dexter bezalako telesail apartak alde batera utzi beharko genituzke. Politikaren inguruko telesailak jartzea ideia ona iruditzen zait, munduko sistema politikoak ulertzeko. Gure politikarien gaitasun eza erakusten dute Veep edo Vota Juan bezalako telesailek; House of Cards telesailak, aldiz, politikaren alde ilunena erakusten du, beraz, West Wing edo Borgen telesailak aukeratu beharko genituzke politikaren alde ona erakusteko. Nire telesail gogokoena The Sopranos da, baina nola azaldu estralurtar bati mafiaren sorrera?

Euskal Herritik Goenkale bidali beharko genuke, modu horretan Maria Luisaren heriotzarekin negar egingo lukete espazioan ere. Baina mundua hobeto ulertzeko The Simpons telesaila jarri beharko genuke ere, agian Kang eta Kodos pertsonaiekin bat egin dezakete. Carl Sagan 1996. urtean hil zen, beraz, zaila ikusten dut horrelako ideiarik errepikatzeko aukera. Bitartean, amets egitea libre da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.