Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Urteurrenak

2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Gehiago ospatzen ditugu urtebetetzeak emandako pausoak baino. Baita erdietsitako lorpenak baino gehiago ere. Ematen du zer pentsatua: balirudike irautea bera dela txalogarriena. «Bizi ala iraun?», galdetzen zuen Urbizuk. Antzera gertatzen da urteurrenekin ere. Denborak zenbaki borobilak osatzen dituenean erabakitzen dugu hildako bat edo beste omentzea, dena delakoaren edizio berrituak proposatzea edo berritzea gure elkartearen irudia. Ez da ona edo txarra, berez. Halaxe jokatzen dugu.

Aurten 20 urte betetzen ditugu Donostiako Piratok, esaterako; baina badira beste ospakizun aitzakia ugari ere: UEUk 50 egin ditu. Eta EITBk, berriz, 40. Atentzioa ematen badu ere, EITB baino hamar urte zaharragoa da Udako Euskal Unibertsitatea. Ez da deigarria den zera bakarra: bien artean, unibertsitatea —eta ez telebista— izan da urtebetetzea ospatzeko fikziozko saio bat egitea erabaki duena. Bekaduna izenpean, eta Mikel Irazusta aktorea protagonista duela, zeharka UEUren barrunbeak erakusten dituen umorezko websail laburra ondu dute, Bira Produkzioak eta Hiru Damatxo lagun ginela. Neu ere tartean ibili naiz, eta ez naiz lana txalotzeko bezain lotsagabea izango. Baina UEUren jarrera eta saiakera bera bada goraipatzekoa. Berrogeita hamar urte bete dituzte, bai, baina etorkizunera begira jartzeko baliatu dute urteurrena.

Gauza bertsua egin du Nike kirol ekipamendu etxeak. 50. urtea dute aurtengoa, eta, hori haizatzeko, nostalgia boomerrari aurre egiten dion iragarkia aurkeztu dute. Ikusi beharreko guztia ikusi duela dioen Spike Leeri kontra egiten dion neska gazteak azpimarratzen du mezua: iraganekoa baino hoberik ez dagoela usteko duzu, baina oker zaude: dena duzu ikusteko oraindik.

Batetik zein bestetik atera dezake irakaspena EITBk. Bada zoriondu eta ospatzekoa 40 urte egitea. Urteotan milaka euskaldunen erreferentziazko saioak ondu dira irratian zein telebistan. Baina erronka ez da euskaldun horien eduki gosea asetzen jarraitzea (soilik); ezpada lau hamarkada horien azken zatia besterik ezagutu ez dutenekin gauza bera egitea. Eta, horretarako, susmoa dut, ez du orain arteko formula berak balioko. Bada zurikeriak utzi, euskarari zentralitatea eman eta gauzak desberdin egitera ausartzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.