Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Harrotasuna

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
New Yorken Stonewalleko altxamendua gertatu zenetik 53 urte pasatu dira. Egun hartatik LGTBIQ+ kolektiboak gaurko eguna du kalera ateratzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko. Egun horren harira, EITBk Ekin aniztasuna kanpaina aurrera eraman du. Horri esker, Xabier Madariagak bi erreportaje egin ditu: bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Bietan pertsona desberdinak elkarrizketatu ditu, eta bakoitzak bere esperientziak azaldu dizkio Madariagari.

Esperientzia pertsonal horien artean, egoera positibo eta negatiboak aipatu dituzte gehienek. Negatiboen artean, armairutik ateratzeko unea edo jasandako biolentzia edota erasoak aipatzen dira. Harro egoteko eguna da gaurkoa, baina batzuetan ez da hain erraza.

Azken egunetako albisteek egoera hori nahiko agerian utzi dute. Besteak beste, Maria del Monte abeslaria armairutik atera berri da. 60 urterekin argi esan du lesbiana dela eta harro agertu da Andaluziako hiriburuan. Bere bikotekidearekin urte asko egon bada ere, harremana arlo pribatuan utzi du beti. Harrotasunaren indarrari esker bere bizitza pertsonala publiko eta politiko egin du.

Komunitatearentzako albiste txarra Oslotik etorri da. Bertan, bi pertsona hil dituzte LGTBI komunitatearen pub batean izandako tiroketa batean. Eraso hori gorroto delitua da, eta gaurko manifestazioetan aipatuko dela uste dut. Harro egoteko arrazoi asko ditugu, baina, zoritxarrez, erne jarraitu behar dugu. Ultraeskuinaren mezuak gizartean ezarri dira eta erasoak ohikoak egin dira. Ikusgarriagoak garen heinean, arrisku gehiago jasan ditzakegu. Gizartearen alderdi batzuk lortutako eskubideen aurka daude eta kontuz ibili behar dugu egoera aldatu ez dadin eta lortzeko geratzen diren eskubideak errealitate egin daitezen.

Ekin aniztasuna ekimeneko bi erreportajeek kolektiboaren erradiografia egin dute eta ia hizki guztietako pertsonak elkarrizketatu dituzte. LGTBIQ+ kolektiboaren historia aztertu dute. Euskal Herrian egindako lehen manifestazioak trantsizio garaian izan ziren eta manifestaziora pertsona gutxi joaten ziren. Bere burua agerian uzten zuten, begirada txarrak jasotzen zituzten. Egoera aldatu dela nabaritu da elkarrizketatuen hitzetan, baina denek argi dute asko dagoela egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.