Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Beranduegi

2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Inoiz zalantza egin baduzu, nik emango dizut erantzuna. Bai, berandu iristeko joera kontroalezina dugunok ere urduritzen gara beste aldean —zain dagoenarenean, alegia— tokatuz gero. Pazientzia ez da nire dohainen zerrendan ageri. Azken saiakeran, hilabetez eutsi diot tentazioari. Irailaren 2an plazaratu zuten The Lord of The Rings: Rings of Power, eta pisukideek lehen astetik heldu bazioten ere, nik egongelatik ihes egin dut aldiro. Zergatik? Iragarri zutelako laster, oso laster, izango genuela euskaraz bikoiztuta ikusteko aukera.

Baina badoaz asteak hegan, zabaldu dituzte dagoeneko sei atal, eta tarteka konprobatzen dudan arren, ez da oraindik hizkuntza zerrenda luzean ageri —azpitituluak badaude hasieratik—. Galegoa dago, katalana, eta baita beste hogei bat hizkuntza ere. Euskara ez. Noiz gaituko duten jakiterik ere ez dago. Iruditu zait hilabeteko esperoa nahikoa dela euskaltzale zintzoaren txartela ez galtzeko. Beraz, bai: asteburuan eman dut amore. Eta bekatu bakarra nahikoa ez denez, gaztelaniaz ikusi dut, gainera, azpitituluen aukera baliatu gabe.

Telesailaz esan daitezkeenak baldintzatuta daude, ezinbestean, lehiakide edo lehengusu duen House Of Dragons-en konparazioarekin. Hiru ezaugarrik bereizten dute harengandik, eta hirurek egiten diote mesede: trama edo pertsonaia nagusi ugari ditu; umorezko sekuentziak tartekatzen dira; eta faktura ezin finagoa du. Aurrekontu potoloetan potoloena ere bai, dena esan behar bada. Protagonisten artean emakumeak ere badaudela da berritasun nabarmenena. The Lord of The Rings-ek zaletu zituenak aseko ditu, eta beharbada baita beste makina bat ere. Gure etxean, filmak ikusi ez zituztenak telesailaren aitzakian ari dira orain trilogia berreskuratzen. Berandu, baina ez beranduegi.

Beranduegi iritsiko dena euskarazko bikoizketa izango da. Denak Astigarragara edo Errenteriara joanak direnean, Donostian bizi diren gazteei diru laguntzak eskaintzea bezala da. Edo erantzun zuzenaz akordatzea Egunean Behin-eko aukera okerra sakatu eta gero.

Antsietatearen milurtea da hau. Dena da atzoko eta dena iragankorra. Iragarpena ospatu zutenek haserre behar dute. Zein balio du modako telesaila euskaratzeak ikusi nahi zuten den-denek ordurako goitik behera irentsi badute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.