Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Kanpaikadak

2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Mahaia prestatzen ari naiz. Mahatsak hazirik gabe prest daude. Ontzi bakoitzean hamabi ale jarri ditut. Lagunek janaria ekarri dute, zainzuriak eta otarrainxkak plateretan jartzen hasi dira. Ardoa eta xanpaina hozkailuan daude. Ordu batzuk geratzen dira gauerdirako, eta ez dugu erabaki non ikusiko ditugun kanpaikadak.

Urtezaharra familian pasatzen nuenean, ez zegoen zalantzarik. ETB1en ikusten genituen beti. Gurasoak euskaldunak ez badira ere, euskaraz ikustea nahiago zuten. Azken urteetan, Madrilen pasatu izan dut Urtezahar gaua, eta, ETB1 jartzeko proposamena egin izan badut ere, lagunen artean La1 katean ikustea erabaki izan da.

Kanpaikadak non ikusiko ditugun erabakitzeko egun osoa daramagu eztabaidan. Batek La 1 katea proposatu du, beti bertan ikusi direlako. Horren aurka jarri dira asko, Anne Igartiburu faltan ematen dute, eta Ana Obregon eta Los Morancos bikotea ikusteko gogo gutxi dute. Beste batek Antena 3 jartzeko proposamena egin du, Cristina Pedrocheren espektakuluaren zain dagoelako, baina beste lagun bat horren aurka jarri da. Mediaseteko aurkezleak ikusteko proposamenik ez da egin, lagunek ez dituzte Risto Mejide eta Marilo Montero ikusi nahi. La Sexta katea jartzea proposatu dute beste batzuek, Cristina Pardo eta Dani Mateo egongo dira, baina denak ez daude ados.

Aurten ere zaila izango dut ETB1eko kanpaikadak ikustea, baina nik badaezpada ere bota egingo dut. Gasteiztik izango dira, eta ETB2ko aurkezleekin bat egingo dute kanpai hotsen ostean. ETB1en Aitziber Garmendia, Nerea Reparaz eta Julen Telleria egongo dira, eta ETB2n, Africa Baeta, Ane Ibarzabal eta Egoitz Txurruka. Nire lagun taldearen eztabaida apurtzeko aukerarik onena dela uste dut, baina ez didate kasurik egin nahi.

Zainzuriak jaten hasi gara eta azkena iritsi den lagunak Twitchen ikusteko aukera proposatu digu. Nik jada ez dakit zer egin. Denbora gutxi geratzen zaigu eta bakoitzak bere mugikorrean nahi duena ikustea proposatzekotan nago. Din, dan, don, irratia piztua dago eta bertan entzun ditugu lehen doinuak. Bakoitzak bere mahats errazioa hartu du eta urteroko urduritasuna piztu zaigu barruan. Lehen mahatsa jan dugu, gero bigarrena, eta hamabiak jan ostean urte berria ospatu dugu guztion artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.