Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Bakailaoa

2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Musikak dantza egitea eragiten digu, baina musikarik gabe ere dantzatuko al ginateke? Dantzak sentsazio desberdinak sortzen dizkigu eta batzuetan ezinbestekoa da bizitzan aurrera egiteko. Horrelako zerbait sentitzen zen 1980ko hamarkadan Valentzian. Dantzatzeko tenplu bihurtu ziren Barraca, Chocolate, Spook eta Espiral diskotekak. Han, techno musika dantzatzen zen eta Bakailaoaren Ibilbidea ezaguna egin zen Valentziako herrietan. Valentziako eremu horretara toki askotako jendea joaten zen musikaren erritmoan dantza egiteko.

Diskoteken mundu horretan murgiltzeko aukera eskaini digu La Ruta (Atresplayer) telesailak. Lagun talde baten istorioaren bitartez, Valentziako giroa nolakoa zen ikusteko aukera aparta da. Telesaila oso berezia da, amaieratik hasten delako. 1993. urtean hasten da, eta atzeraka doa, 1981. urtera arte. Formatua arriskatua izanik ere, istorioa ondo azaldua dago eta pertsonaien bizipenetan galtzeko aukera gutxi dago. Hori bai, telesaila amaitzean, lehen kapitulua berriro ikusteko gogoa piztu zait. Formatu horrek detaile txikietan arreta jartzeko aukera gutxi ematen duela dirudi, eta uste dut berriro ikusiko banu xehetasun berriak aurkituko nituzkeela. Denboran atzera egiteko modu hori narratibarekin jolasteko modu interesgarria iruditu zait.

Laguntasunaren garrantzia azpimarratzen duen telesaila da La Ruta. Musikaren eta festaren bitartez, lagun egin dira telesaileko protagonistak. Festetan gauza asko gerta daitezke, baina lagunak beti egongo dira bata besteari laguntzeko. Protagonista nagusiak Ribo anaiak dira: Lucas eta Marc. Lucasen heriotzaren ondorioz, Marcek bere bizitza aldatu zuen, eta bere anaia bezala, DJ bihurtu zen. Marcen eta Lucasen erlazioa oso berezia da eta beren gurasoek ez dute ulertzen anaien lana. 1980ko hamarkadan oinarritutako telesaila izanik, Lucas homosexuala izatea oso era naturalean kontatzen da eta asko eskertzen da hori.

Bizitzeko musika ezinbestekoa dela erakusten digun telesail horretako soinu banda berezia da. Telesailerako musika sortu dute eta 1980ko hamarkadan egindakoa dela dirudi. La Ruta-ri esker dantzatzeko gogoa pizten da. Ez dakigu musika den erruduna edota han sortu zen giro paregabea. Dantza egin dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.