Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Soka luzea

2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ez dago dokumentalik ez duen hilketa eskandaluzkorik. Berdin dio Kanadan edo Saloun izan den; VI. mendean edo iaz; pertsona bakarra hil zen edo zientoka. Ia edozein aitzakiak balio du: perbertsio (ustez) ilunik bada, sekula ez bada argitu hiltzailea nor izan zen edo mendeku gose ilunik badago tartean, agertuko da dokumentalgarritzat joko duen ekoizle edo zuzendari goseti bat. Lan gehien-gehienek egitura antzekoa dute: misterioa hanpatzeko sarrera deigarria, behar beste kolpe eta jira-buelta, musika traszendentala eta errekreazio traketsak. Badute bere publikoa —ekoizleak gauza asko izan daitezke baina ez dira dirua galdu zaleak—, baina ni aspaldi nekatu ninduten. Kontu ilunak ikusiko baditut, nahiago Instagrameko Reel-en eta algoritmoaren zurrunbilo amaiezinean galdu.

Bada salbuespenik. Gutxi batzuek morboaren eta azalkeriaren eremua gainditzen dute, historia zati baten edo giza kondizioaren zeharkako erretratua egiteko. Hilketa baten aitzakian bada ere. Non dago Mikel? da bazterrotan eginak diren aleetako bat. Eta zerrenda horretara gehitzekoa da Filminen estreinatu berri den The Killing of a Journalist ere. Ikerketa-kazetari gazte baten eta bere bikotekidearen hilketa du abiapuntu, baina gertakari horrek Eslovakiako politikan eragin zuen lurrikara da egiazko aztergaia. Hain da deigarria jazotakoa, non zaila baita sinestea zein oihartzun txikia izan zuen gure tabernako berriketaldietan. 2018an gertatu zen, baina gertakari horren ondorioak bi urte gehiagoz luzatu ziren gutxienez. Ezustekoz jositako ikerketak eta manifestazio jendetsuek gobernuko kargudun nagusiak dimititzera behartu zituzten. Hilketa zehatz batetik sistema politiko baten gainbeheraraino dauden hariak dotoreziaz lantzen ditu dokumentalak, tentsioa eta interesa mantenduz, baina alferrikako baliabide puzturik gabe.

Bi aldiz da harrigarria kazetariaren hilketaren soka luzea. Batetik, filmak erakusten duelako nola gertakari batzuk mugarri izan daitezkeen, aurrez pentsaezinak ziren aldaketak eragiteraino. Eta bestetik, thriller gose aseezina duten ikusleen pantailetara iristeko aitzakia delako hilketa bera. Murgiltzen dituelako Eslovakiako klima politikoan, gehiago jakiteko gogoz, baita, ziur asko, Eslovakia non den jakiteko lanak dituztenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.