Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Satira neurritsua

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Nekagarria da den-denera lehen kolpean iritsi beharra. Gauza gehiegi estreinatzen dira aldiro. Gaizka Izagirre kenduta, ez da jaio telesail berrien erritmo zoroari jarrai diezaiokeen hankabikorik. Antzera gertatzen da filmekin edo diskoekin ere. Eta zer gaztetxoren batek Nirvana orain deskubritu badu? Eta zer atzo ikusi bagenuen etxean The Silence of the Lambs lehen aldiz? Inoiz ez da berandu(egi).

Ez iezadazue kargu hartu, beraz, «aurkeztu berriaren» etiketa dagoeneko erauzia duen telesail bat hizpide hartzeagatik. Badakit The White Lotus-en bigarren denboraldia duela hilabete batzuk jalgi zutela. Badakit Amaia Garciak ekarri zuela hona joan den abenduan. Baina oraintsu ikusi dut nik. Eta zuk egin ez baduzu ere, garaiz zaude oraindik. Spoilerrik gabeko zutabea da hau.

Telesailaren arrakastari erreparatuta, bistan da gustuko zaigula aberaskumeak epaitu ahal izatea: batzuen dorpezia, besteen faltsukeria eta aseezintasuna. Eta oro har —klase-gorrotoa pizteko adina— langileekin duten jarrera aztoragarria. Triangle of Sadness filmean ere baden begirada presente dago: nazkagarriki aberatsak diren horien bizitza amorragarria zaigu; baina satirarako lur ezin emankorragoa da.

Pertsonaia multzoan oinarritutako telesaila da: nola lehen denboraldia, hala garapen independentea duen bigarrena. Eta haien eraikuntzan —eta aurkezpen doituan— dago Mike Whitek sortu duen istorioaren meritu nabarmenena. Umorezko lanetan ohikoa da pertsonaia nagusiari gizajo normal samarraren papera ematea, eta inguratzea ezaugarri muturreko eta estereotipatuak dituzten bigarren mailako pertsonaiekin. The White Lotus-en ez da hala. Pertsonaia guztiak dira lehen begi-kolpean diruditena baino gehiago. Denek dute garapena kapituluetan zehar; denek beranduago agertuko den ezkutuko izaera. Edo barne gatazka bat, gaiztotzen ari zaiena.

Oreka horretan dago ni harrapatu nauena. Pertsonaiarik amorragarriena ulertzeko gai egiten gaitu telesailak. Haien ezaugarriak edo erronkak neurrian dira esajeratuak, barre eginarazteko adina, baina sinesgarri izateari erabat utzi gabe. Hori da satira neurritsuaren artea: giza kondizioaren herrenak agerian jartzea, begirada entrenatu eta ispilu lana egitea, ukatu gabe pertsonaien konplexutasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.