Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Aberatsak

2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
«Zertan lan egiten duzu?». Galdera horren erantzunaren arabera, zure burua gizartearen eskala batean agertuko da. Lan batzuek prestigio gehiago dute eta galdera hori egiten denean intentzio asko egon daitezke. Duela gutxi Fleishman Is In Trouble (Disney Plus) telesaila ikusi dut. Lander Arretxeak aurreko astean idatzi zuen telesail honen inguruan; beraz, ez naiz telesailaren zehaztasunetan sartuko. Telesail honetan lana oso garrantzitsua da pertsonaientzat, eta arrazoi horregatik Fleishman bikoteak arazoak ditu.

Toby medikua da eta Rachel antzezleen agentea. Medikuaren lanak prestigioa izan du beti, baina Rachelentzat ez da nahikoa. Bere senarraren lana ez zaio baliozkoa iruditzen, bere soldata baxua iruditzen zaiolako. Rachelenen inguruan jende oso diruduna dago eta bere senarra bere lagunen antzekoa izatea nahi du. Bikote honen arazoetako bat da kapitalismoak beren bizitzan duen eragina. Toby zoriontsu da bere lanarekin eta ez du handinahikeriarik.

Erlazio horretan arazo gehiago egon daitezke, baina diruaren gatazkak beste arazoak zeharkatu egiten ditu. Tobyren lana ez da lan prekario bat. Lan horretara iristeko urte askoko ikasketak egin behar izan ditu eta bere lana pasioz egiten du. Medikuen inguruko telesailak asko gustatzen zaizkit eta medikuen jakinduria beti errespetatu dut, baina telesail honetan medikuak gutxiesten dituzten pertsonak aurkitzen ditugu.

Medikuntza ikasketak beti izan dira errespetatuak, eta arrotza iruditu zait telesail honetan mediku lanak mespretxatzen dituzten pertsonak ikustea. Kapitalismoak gizartea aldatzen du eta hau adibide bat da. Gaur egun medikuak ez dira zaintzen. Osasun sistema publikoek medikuen lan baldintzak ez dituzte bermatzen eta azken boladan lan gatazkak agerian geratu dira, adibidez, Osakidetza eta Osasunbidea zerbitzuetan. Toby Fleishmanek ez du lan gatazkarik sufritu, baina bere lanpostuan mailaz igotzeko aukera urriak ditu. Fleishman Is In Trouble kapitalismoak bikoteak apurtu ditzakeela erakusten duen adibide bat baino ez da. Adibide gehiago egon daitezke, hilabete amaierara iristeko arazo larriak dituzten bikoteak, esaterako. Fikzioan, nahiago dugu aberatsen dramak ikusi, baina espero dut osasungintzako langileak gutxiesten dituzten pertsonak gehiago ez ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.