Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Hiltzea baino hobe

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Egun txarra —ia ezin txarragoa— duzunean komeni da gogoratzea pandemia garaian nerabe hark Apunt telebistako kazetariari esandakoa: «Tira, hobe da hau hiltzea baino». Eta bai, gehien-gehienean, hala da. Beti dago egoera okerragoren bat konparaziorako. Begiratu leihotik: gaur, besterik ez bada ere, eguna eguzkitsu dago. Patioan lehortzen jarritako maindireak ez dira blaituko.

Nire maindireak baino zaharragoa da aipatzera noan telesaila. Baina ez da egun eguzkitsu baterako edari eskasa: limoi-edariaren garratza eta tekila-fresa txupitoaren gozo gehiegizkoa, biak ditu. Dead to Me du izena, eta Netflixen katalogoan hautsa pilatzen ariko da etxe gehienetan. Gurean, aldiz, iluntze nekatuetarako kontsentsuzko aringarria da. Gutxi eskatzen du, eta beti ematen du eskatzen duena baino zertxobait gehiago. Hiltzear, erailtzeari eta doluari irribarre nekatu batekin begiratzen dio, modu gutxi-asko originalean. Eta, susmoa dut, Apunt telebistan hitz egin zuen ikasle hark saioko gidoilari izateko behar den espiritua du.

Laburbilduz, honakoa da abiapuntua: Jenek talde terapia batera jotzen du senarra istripu batean galdu ondoren. Eta bertan, senarra harrapatu zuen emakumea ezagutzen du. Ez dago han kasualitatez, noski. Istripuaren ostean ihes egin zuen arren, zorra sentitzen du alargun utzi duen emakumearekin. Harengana gerturatu nahi du, ahal duen horretan laguntzeko. Sekretu horren gainean eraikitzen duten laguntasun harreman gorabeheratsua da telesailaren misteriozko hari nagusia. Baina horren bueltan, eta protagonisten izaera erabat kontrajarriei esker, umoreak bere bidea aurkitzen du behin eta berriz.

Thrilleraren originaltasuna baino arreta handiagoa merezi du horren aitzakian garatzen diren azpi-gaien zerrendak. Ez baita batere ohikoa komedia beltz baten protagonistak 40 urte bueltako bi emakume izatea. Harreman toxikoak, amatasunaren gorabeherak edo sexu-jazarpenaren gaia haien begirada pertsonal, kontraesankor eta konplexutik lantzeko aukera zabaltzen du horrek. Bi emakume inperfektu dira bizitzari aurre egiten, moraleja potolorik gabe. Zaila da haiekin, modu batera edo bestera, ez identifikatzea. Hutsune bakarra du horretan: luxuzko txalet erraldoietan bizi dira. Eta igerilekudunek, hori hala da, pena gutxiago ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.