Albistea entzun

Tradizioei berriz ere eutsiz

Blusen eta nesken eguna ospatu dute Gasteizen, eta jende ugari elkartu da. Bi urteko etenaren ostean, berriz egin dituzte ardo-upel lasterketa eta baratxuri azoka.
Gasteizko Errege Atea kalean baratxuri postuak jarri zituzte atzo goizean.
Gasteizko Errege Atea kalean baratxuri postuak jarri zituzte atzo goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eider Etxeberria Soria -

2022ko uztailak 26 - Gasteiz

Bi urteko etenaren ostean, blusen eta nesken eguna itzuli da: ederki ospatu dute. Aurten ere, Santiago egunaren bezperan jai giroan ospatu zuten eguna, ohiturak hala aginduta. Santiago eguna Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien aurreko deia da gasteiztarrentzat, eta egun horren esperoan igarotzen dute urtea hiriko blusek eta neskek. Giro aparta egon zen igandean, baina atzoko eguna ere ospatzeko aukera izan zutenak, goizean goiz trajeak jantzi, eta kalera abiatu ziren euren egunaz gozatzera; blusen eta nesken egunean, haiek izan ziren, ohiko legez, protagonista nagusiak.

Goizeko zazpietan jarri zituzten baratxuriak saltzeko postuak Errege Atea kalean, hiriaren erdigunean. Aurten postu gutxiago zeudela antzematen zen; izan ere, San Frantzisko aldapan ez zuten postu bakar bat ere jarri. Rosario San Juan Matak 30 urte daramatza baratxuri salmentan, eta, semearekin batera, Lerin (Nafarroa) herritik etorri zen azokara. 50 buru inguruko txirikorda 20 euro inguruan ari ziren saltzen. Bi urtez azokarik egon ez denez «gutxiago» erein dutela azaldu zuen, eta «urduri» zeuden, jendearen esperoan. Bizkaitik ere etorri ziren baratxuriak saltzera; tartean, Ana Eugenia Gil 17 urteko gaztea, gurasoekin batera. «Aurtengoa salmenta nahiko eskasa izan da, ordea».

09:30ean hasita, txarangek eta txistulariek euren kantuekin girotu zuten Gasteizko erdigunea. Horiekin batera, blusek eta neskek kaleak alaitu zituzten, dantza eta kantu artean. Batzuk nekatuago zeuden, eta beste batzuk ondo deskantsatuta, baina gehienek Plaza Berria eta inguruak bete zituzten ardo upelen bosgarren lasterketa ikusteko. Bertan lehiatu ziren nesken sei bikote, mutilen zazpi bikote, eta hamar bikote misto. Barrika zenbakituak bultzatuz, lasterketa egin behar zuten 23 kuadrillek, binaka, upel bana bultzatuz. Txarangek Plaza Berria girotzen zuten bitartean, ikusle gehiago bertaratzen hasi ziren: azkenean nekez topa zitekeen lekurik lasterketa ikusteko. Plaza Berritik hasi, Mateo Moraza kalea zeharkatu, eta berriz ere plazara sartu behar zuten, upela arrastaka bultzatuz. 400 metroko ibilbidea lau aldiz egin behar zuten, txandaka. Ibilbideak bazituen bihurguneak, eta horiek ondo hartzea izan zen buruhausterik handiena.

Tiro hots batekin hasi zuten lasterketa. Hor abiatu ziren bikote guztiak, aztoratuta, upela bultzatuz korrika. Batzuei barrikak ihes egiten zien, kontrola galtzen zuten edota izkinak jotzen zituzten. Ez zirudien lan erraza 40 kilo inguruko upela bideratzeak, nahiz eta hutsik egon. Bidean baten bat lurrera ere erori zen. Minik hartu gabe, hala ere.

Arabako Atletismoko Federazioak hartu zuen ardura bikote bakoitza kronometratzeko. Parte hartzaile askok neke itxurarekin amaitu zuten. 20 minutu inguru iraun zuen lasterketak, eta giroa atsegina bezain bizia izan zen.

Sari banaketa iritsi zen gero. Sarien artean, garrantzitsuena: Eguren Ugarte upategiko (Guardia, Araba) 225 litroko ardo upela. Basatiak kuadrillako kideek irabazi zuten. Saria jasotzera kuadrilla guztia igo zen oholtzara, eta oihu eta salto artean ospatu zuten denek irabazi izana.

Jada kaleak beteta zeudela, kosta egiten zen Foru plazaraino heltzea: bertan egin zuten urteroko euskal presoen aldeko ekitaldia. Bi preso arabar arriskuan daudela gogorarazi zuten; aldarrikatu zuten «kartzelak husteko garaia» dela, «eta ez betetzekoa». Bertso, kantu eta dantza artean omendu zituzten preso eta iheslarien senideak.

Ondoren, herri kirolei eman zieten hasiera: besteak beste, sokatiran, lokots bilketan, harri jasotzen eta ingudea altxatzen parte hartu zuten blusek eta neskek. Kuadrilla bat bestearen kontra lehiatu ziren, bazkalordua iritsi artean. Iñaki Basabe Petralak kuadrillako kideak, esaterako, sokatiran parte hartu zuen. Haren arabera, «gogo handiz» hartu zituzten Santiago eguneko ospakizunak, bi urteko geldialdiaren ondoren.

Unibertsitateetan, azoka

Eguerdia iristearekin batera, eguraldia jada sargoriago zegoen, eta kalean mugimendu handia nabari zen. Unibertsitateen eremuan, abeltzainen eta nekazarien azoka egon zen, eguerdira arte. Bertan, askotariko produktuak aurki zitezkeen: eztia, gazta, txorizoa, barazkiak, marmelada, garagardoa, sagardoa, euskal pastelak... Txarangak bertara ere iritsi ziren; hartara, ez zen girorik falta. Euskal Herriko animalia autoktonoen erakustaldia ere egin zuten: bertan zeuden limusina behia, behi piriniotarra, terreña behia, ardi latxa, sasi ardi latxa, Enkarterriko astoa, pottokak eta Euskal Herriko mendi zaldia.

Iñaki Ezeiza Añuako (Araba) Zelaitxo baserrian ahuntz gazta ondua egitetik bizi da. 27 urterekin, hala ateratzen du bizimodua. Azokako salmenta «nahiko ondo» zihoala esan zuen, bi urteren ostean «jendea gogoz» zegoela eta «poltsikoak beteta» joan zela. Baina, haren ustez, gazte gutxi dabiltza lan horretan, eta «zaila da bizimodua ateratzea horrela». Kritika ere egin zuen: «Politikak aldatzen ez diren bitartean, etorkizun iluna ikusten dut».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Edonork egin dezake eskrima»

Joseba Arratibel Ladron

Otaegik 34 urte daramatza eskrima praktikatzen, eta 22 urte Fortuna kirol elkartean eskrima irakasten. Bihar eta etzi, gainera, eskrima saioak eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan.
2 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Handituz joan den olatua

Amaia Jimenez Larrea

Donostiako Piratek hogei urte bete dituzte aurten. 2002an, hiriko gazte batzuk, «zezenketen, su festen eta izozkien» jaiak alde batera utzita eta beste eredu baten bila, eztabaida sortzen hasi ziren. Abordatzea izan zen eztabaida sortzeko egitasmoa, eta gaur egun festen ekitaldi nagusia da.

Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean. ©LEZOKO UDALA

Nobedadeak Kilometro Lezon

Joseba Arratibel Ladron

Datozen hiru asteburuetan, Kilometro Lezoren hirugarren aldia egingo dute. Dantza emanaldiez, zirkuaz, antzerkiez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da

Jendetza bildu ohi da festen hasieran Laudion. ©LAUDIOKO UDALA

Dantzaz beteriko festak

Maixa Utrera Puelles

Martxan dira Laudioko San Roke jaiak, Jabier Artetak txupinazoa bota eta agurra irakurri ostean. Bi txandatan egingo dituzte jaiak: lehen txanda, bihar arte; ondoren, hilaren 24tik 28ra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.