Droneak zeru iluna argituz

Flock Drone Art Kataluniako enpresak su festen tankerako ikuskizunak egiten ditu droneen bitartez. Udalekin eta markekin elkarlanean ere aritzen da.

Zornotzako jaietan, eskerrik asko hitzak droneekin irudikatuta. FLOCK DRONE ART.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Jai giroan, iluntze aldean, izozkia jan bitartean suak ikusteko joera handia egoten da Euskal Herrian. Kataluniako Flock Drone Art (flockdroneart.com) enpresak, ordea, surik gabeko ikuskizunak egiten ditu. Suen partez, droneak erabiltzen dituzte, argiarekin hitzak, figurak eta bestelakoak sortzeko zeruan.



Fran Arnau da enpresako arduraduna, eta azaldu du bezeroak eskatzen duenaren arabera egiten dituztela ikuskizunak. Hala ere, ikuskizun guztietan droneak sinkronizatu egin behar izaten dituzte musikaren, off ahotsean kontatutako istorioen eta abarren arabera. Normalean, ehun dronerekin ematen dute ikuskizuna, baina hirurehun dronerekin ere lan egin izan dute. «Gehienbat, diruak baldintzatzen du drone kopurua».

Enpresak garapen handia izan du. Ideia 2018. urtean hasi zen garatzen, baina, pandemiaren ondorioz, ezin izan zuten martxan jarri 2020. urtearen amaierara arte. «2020tik aurrera, gora egin du». Azkenean, zerbait berria eta ikusgarria da ikusleentzat. Hilabeteotan, harremanak izan dituzte udalekin eta markekin.

Ikuskizun bat antolatzeko hilabeteetako lan prozesuak behar izaten dituzte. Diseinu informatikoa sortzen dute, eta, ondoren, dagokien tokira joan behar izaten dute teknikoki lan konfigurazioak egiteko. «Bateriak jarri, droneak konfiguratu, wifi ingurune bat eratu, eta teknika zehatzak sortu behar izaten ditugu».

Droneek elkar jo ez dezaten sortzen dute wifi ingurunea, lehorreko estazio bat duen pieza oso tekniko batekin: RTK du izena, eta GPS normala zuzentzen duen sistema bat dela azaldu du Arnauk. «GPSa sakelakorako Googletik jaistean, zortzi edo hamar metroko zehaztasuna galtzen du. Hori zuzentzeko eta droneekin arazorik ez izateko, lurreko estazio hori daukagu, GPSa zuzentzen duena». Wifi bidez, drone guztiak elkarri konektatuta daude, eta guztiei etengabe bidaltzen diete zuzenketa, droneek zentimetro bateko edo biko errorea baino handiagoa izan ez dezaten. Azkenean, zehaztasun handiarekin ibili behar dute zeruan.

«Droneen gauzarik politena da pirotekniaz bestelako baliabideak lantzeaz gain, komunikazio sistema berri bat ere ireki dugula, hau da, zerua». Alegia, orain arte droneak formatu digitalagoetan ikusi direla adierazi du Arnauk: pantailetan, hormetan eta abar. «Zeruak bestelako esentzia bat eta ikusgaitasun bat eskaintzen du. Era horretan interesatu ziren udalak eta markak».

Zornotzako (Bizkaia) jaietan, joan den asteko astelehenean eman zuten ikuskizuna, Done Jakue gauean. Urtero egiten dute su festa herrian, baina, aurten, emanaldi horrekin ordezkatu dute. Ikuskizunean, era guztietako irudiak marraztu zituzten, musikari jarraituz. Zornotzako logoa egin zuten, eta eskerrik asko hitzak irudikatuz amaitu zuten emanaldia.

Euskal Herriko hainbat udalek eta enpresak interesa adierazi dute ikuskizunaren inguruan. Askorekin, Zornotzan izan aurretik hasiak ziren harremanetan. «Zornotzakoa izan da Euskal Herrian itxi den lehen emanaldia, baina ez da azkena izango».

Oro har, jada sortutako ikuskizunak ematen dituzte, neurrira egindako ikuskizunak baino merkeagoak baitira. Hala ere, neurrira egindako zerbait egitea ere gustatzen zaie. «Hiriari tokiko zerbait oparitu nahi izaten diogu: hiriaren logotipoa, izena, hiriko monumentu garrantzitsu baten silueta...».

Markek, ordea, marka bera edota markak eskaintzen duen zerbitzuak eta produktuak sustatu nahi izaten dituzte. «Normalean, produktu bat merkaturatu nahi dutenean, harekin lotutako irudi bat egiteko eskatzen digute, era berean markari ere ikusgaitasuna emateko». Besteak beste, Volkswagenentzat eta Zararentzat lan egin dute.

Su festen osagarri

Drone bidez egiten dituzten ikuskizunak su festen bilakaera edo eboluzio bat direla azaldu du Arnauk. «Ez gara su festen ordezko bat: proposamen ezberdina izan arren, elkarlanean jardun dezakegu. Egun, su etxe batzuekin elkarlanean ari gara».

Askotan esan izan diote Arnauri ordezkapen bat direla, eta hark beti egin du konparazioa antzerkiarekin eta musikarekin: antzoki batean, musika edo antzerkia ikusi eta entzun ditzakezu. Proposamena guztiz ezberdina da, baina elkarren osagarri izan daitezke aldi berean. Drone ikuskizunak eta su festak bezala: «Drone ikuskizun batean, ezin dituzu ikuskizun piroteknikoen zarata, usaina eta azkartasuna aurkitu. Eta su festetan, ezin duzu irudirik, aurpegirik edo hitzik topatu».

Joan den asteburuan, jaialdia izan dute Lloreten (Katalunia), eta haiek zuzendu dute. Parte hartzaile eta gonbidatu ugari izan dituzte. Mundu osoan, 40-50 enpresa inguruk eskaintzen dute zerbitzu bera droneekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.