Albistea entzun

GASTEIZKO JAIAK

Lehenago egin du eztanda

Urtero legez, Zeledonen jaitsiera baino bost minutu lehenago eman diete hasiera Gasteizko jaiei. Jende andana bildu da gaztetxeko patioan txupinazoa ikusteko.
Gasteizko gaztetxeko txupinazoa jaurti duten unea, Zeledonen jaitsiera baino bost minutu lehenago.
Gasteizko gaztetxeko txupinazoa jaurti duten unea, Zeledonen jaitsiera baino bost minutu lehenago. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2022ko abuztuak 5 - Gasteiz

B i ordu falta dira Zeledonen jaitsierarako, baina gazteek aurrea hartu diote jaien hasiera ofizialari; izan ere, 16:00etan hasi dira gaztetxea atontzen. DJak nahasketa mahaia prestatzen ari dira, asanbladako kideek hozkailuak edariz betetzen dituzten bitartean. Zeledonen jaitsierari ere aurrea hartuko diote, eta bost minutu lehenago egingo dute txupinazoa. Beraz, apur bat lehenago hasiko dira gaztetxera joaten direnen jaiak.

Gasteizko Alde Zaharreko muinoan dago gaztetxea. Udalak antolatzen dituen ekintzetatik aldentzen saiatzen dira urtero bertan antolatzen diren gazteak, eta jaiak beren erara prestatzen dituzte; kartel anitz eta giro alternatibo bat sortuz. Lehenengo egunerako ere gaztetxeetan ohikoak izan diren punk-rock kontzertuak antolatu beharrean, technoa jartzen duten Euskal Herriko sei DJ ekarri dituzte: DJ Raybon, DJ Mou, Santaklaux, Jokin Krakovia, Wary eta Papaltrauma.

Andoni Larrañaga gaztetxeko asanbladako kidea patioan dago, alde batetik bestera, adiskideekin batera dena prestatzen. Jaietarako prestaketa lanak «gogorrak» izan direla esan du, eta «denboraz larri» ibili direla: «Jende berri asko gaude asanbladan, eta normala da gaztetxeko ekitaldietan gauza batzuk atzeratzea. Halere, ondo joango da guztia, ziur».

16:30ean, bi gaztek txupinazo alternatiborako suziriak ekarri dituzte gaztetxera, eta pare bat bota dituzte. Jendeak irribarre egin du eztanda entzun bezain laster; igartzen da irrikitan daudela jaiei hasiera emateko. «Gogotsu» dago Markel Oleaga gaztetxeko asanbladako kidea ere. Azaldu duenez, lehen egunean tecno musika egongo da gaztetxean, baina jaietako egun guztietan askotariko musika ekarriko dute: «Technoa egongo da gaur, baina bihar reggaea izango dugu; etzi, berriz, oi! estiloko musika».

Ateak ireki dituzte 17:00etan, eta pixkanaka jendea sartzen hasi da: batzuk dantzan, beste batzuk zapia buruan... Askotariko jendea. 17:30ean dena beteta zegoen. Esti Kortabarria izan da iritsi diren lehenengoetako bat. Lagunekin dantzatzen hasi da barraren ondoan. «Txupinazo ofizialetik ihes» egin nahi duela nabarmendu du, eta horregatik etorri dela: «Giro ederra egon ohi da urtero Gasteizko gaztetxean, eta giro eder horren bila etorri naiz».

17:30etarako bete da gaztetxeko patioa. Denak izerditan daude, eta ez da beroagatik bakarrik, musikagatik baizik, jendea etengabe ari baita dantzan. Kortabarriak asko estimatzen ditu gaztetxearen moduko espazio alternatiboak: «Urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldietara etortzen saiatzen naiz. Eta gogoko dut jaietako lehenengo eguna hemen eta txosnetan igarotzea ere».

Musika gelditu dute bat-batean, eta jendeak bere sakelako telefonoetan begiratu du ea zer ordu den jakiteko. 17:55 puntuan, txupinazo alternatiboaren suziria jaurtitzeko ordua. Ssssssshhh… danba! entzun bezain laster oihuka hasi da jendea. «Gu beti udalaren aurretik», azaldu du Larrañagak: «Hau gaztetxe bat da; beraz, ezin diogu udalak esaten digun guztiari men egin: gu beti kontrara goaz».

Jaietan, «errespetuz»

Gaztetxeak Gasteizko jaietan bete ohi duen eginkizuna ilundu arte giroari eustea da. Horregatik, ekitaldi guztiak txosnen gunekoen aurretik antolatu dituzte, ondoren jendea txosnetara joan dadin. «Jendea guregana hurbiltzea eta kontzertuez gozatzea nahi dugu, ondoren txosnetara eta gazte karpara joan daitezen». Halere, gaztetxea irekita egongo da egunero gau osoan, jaiak amaitu arte.

Giro atsegina dago, elkarrenganako errespetuzkoa. Oleagak jendea animatu du «herri mugimenduak antolatu dituen jaiez gozatzera». Aldi berean, Larrañagarentzat garrantzitsua da, lehen ordu hauetan ikusi den bezala, jai guztian jendeak errespetua izatea: «Ondo portatu gaitezen eta elkar errespeta dezagun guztiok».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Jaiak gasteiztarron topagune dira»

Unai Etxenausia

Kazetari eta parrandazale moduan ezagutu ditu Fiestrasek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Bizitza osoan bi urtez baino ez du huts egin, eta datozen guztiez «gozatzeko asmoa» daukala iragarri du.
2 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jana eta edana azkenera arte

Eider Etxeberria Soria

Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Gasteiztarrek azkenera arte zukutu dituzte festa egunak. Txorizoa eta patatak banatu dituzte kuadrillek, eta buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejiran ibili dira. Tabernariak gustura daude jaiekin.
Jendeak arabiar jaki tipikoez gozatzeko aukera izan du Gasteizko jaietan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Kulturen arteko elkargune

Unai Etxenausia

Arabiar Azoka antolatzen dute Gasteizko jaietan, eta arabiarren eta euskaldunen arteko topagune bihurtu da. Francisco Juan Ayala plazan jarri dituzte saltoki guztiak.
Rafa Gorrotxategi, Tolosako Txokolatearen Museoan. ©JON URBE / FOKU

Bisita gozoa Tolosako museoan

Iraia Irazusta Mujika

Tolosako Txokolatearen Museoa 2020tik dago zabalik. Bisita gidatu zein birtualen bidez ezagutu daiteke, eta hainbat tailer egiteko aukera ematen du, txokolatearekin jolasteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.