Gasteizko jaiak

Euskarak jaiei aihozkada

GEU Gasteizko Euskararen elkarteari esker, euskararen arnasgune da Aihotz plaza Gasteizko jaietan. Beteta egon ohi da, eta herritar asko joaten da hango ikuskizunetara.

Euskarak jaiei aihozkada.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
T xarangaren tronpetaren soinua nagusitzen da plazan. Blusaz eta neskaz beteta dago, eta kuadrilla askotako adabakiak ikusten dira alkandoretan: Gasteiztarrak, Bereziak, Karraxi, Alegrios... Asko dantzan ari dira, beste batzuei gehiago kostatzen zaie jaietako bigarren egunean gora egitea: ajea nabari da batzuen aurpegietan. Poteoan jende asko biltzen den gunea da Aihotz plaza, jaietako egunak hasteko gunea. Euskararentzako arnasgune izatea ere badu helburu, GEU Gasteizko euskararen elkarteko txosna bertan baitago. Urte berezia da elkartearentzat, gainera: 30 urte beteko ditu urrian.

Bi urteren ondoren, Aihotz plazara itzuli da GEU. Urte osoan egiten duten bezala, jaietan ere euskararen erabilera bultzatu nahi dute. Kartel askotarikoa prestatu dute horretarako, eta, gutxienez, Aihotz plazan giro euskaltzalea egotea dute xede. Giro hori bultzatzeko, hain justu, trikitilari eta bertsolariekin girotu dute eguerdia. Udal Folklore Akademiako trikitilariak aritu dira lehenik, eta Oihane Perea eta Nerea Elustondo bertsolariak ondoren. Horrez gain, Ls Desmadrat txarangak kontzertu ibiltaria eskaini du plazan bertan.

Txodna 12:00etan ireki dute elkarteko kideek. Halere, antolatzaileek ez ezik, boluntarioek ere txandak egiten dituzte barran, elkarlana baita elkarteak sustatzen duen oinarrizko balioetako bat. Azaitz Unanue GEU elkarteko kideak nabarmendu duenez, elkartekoentzat «oso garrantzitsua» da jaietan txosna izatea: «Gasteizko erdigunean daukagu txosna, leku ezin hobean. Garrantzitsua da elkarteak presentzia izatea Gasteizen; izan ere, aurrera egiten laguntzen digu horrek».

Trikitilariak giroa berotzen hasi dira, 12:30ean. Aurrealdean daude ikuskizunaz eserita gozatu nahi duten pertsonak; beste asko, ordea, atzealdean daude, dantzan. Blusa eta nesken Alegrios kuadrillako jende dezente bildu da plazan, ikuskizunaz gozatzeko. Kuadrilla horretako kideak dira Elisabeth Sanchez eta Soraya Simon duela urte asko. Jaiak «ederto» hasi dituztela nabarmendu dute biek. «Kostatu zaigu giroan sartzea, jende gehiegi dagoelako; baina orain hunkituta gaude, jaiak itzuli direlako», azaldu du Sanchezek, pozarren.

Trikiti emanaldia amaitu bezain laster, 13:00etan, Ls Desmadrat txaranga bildu da GEU txosnara. Lehenengo nota jo bezain laster, plazan zeuden guztiak dantzan hasi dira.

Simonek esan bezala, jendea «momentuaz gozatzen» dabilela ikus daiteke: «Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun. Horregatik, aurtengo festak aprobetxatu behar ditugu. Aihotz plazako txosna oso leku aproposa da horretarako».

Bertso saioa 13:30ean hasi da. Euskarak oholtzan tokia izan dezan antolatu dute bertso saioa. «Euskara zabaldu behar dugu hiri osoan zehar; hori da, hain justu, gure asmo nagusia», azaldu du Unanuek. Pozik nabarmendu du, gainera, aurten kuadrillak elkartearengana hurbildu direla «argazkitik harago»; besteak beste, euskara sustatzeko asmoarekin. Horregatik, jaietako Euskaraldia antolatu dute gaurko.

30 urtez euskara sustatzen

Egun, Gasteizen garrantzi handia duen elkartea bilakatu da GEU. Unanuek azaldu duenez, gasteiztarren euskararen erabileraren azken datuak baikorrak dira. Beraz, «bide onetik» doazen seinale da hori.

Giroan sumatzen da elkarteko kideak jaiez gozatzen ari direla. Halere, urriaren 1a izango da 30. urteurrena ospatzeko egun handia. Unanuek aurreratu du hainbat ekitaldi antolatuko dituztela: «Alde zahar osoan ekitaldiak egingo ditugu. Are, Gasteizko irakurle klubeko kideek ere 20. urteurrena ospatuko dute. Beraz, haiekin batera gozatuko dugu festaz».

Beste urte batez, GEU elkarteak euskararekiko daukan konpromisoa erakutsi du. Aihotz plaza leku aproposa da, beraz, Gasteizko jaietan giro euskaldunaz gozatu nahi duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.