Gasteizko jaiak

Kulturen arteko elkargune

Arabiar Azoka antolatzen dute Gasteizko jaietan, eta arabiarren eta euskaldunen arteko topagune bihurtu da. Francisco Juan Ayala plazan jarri dituzte saltoki guztiak.

Kulturen arteko elkargune.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gasteiz asko kabitzen dira Andre Maria Zuriaren jaietan. Hiriko bazter guztiek ez dute usain bera, jendearen ohiturak ez dira berdinak, eta bakoitzak bere erara eta nahi duen lekuan gozatzen ditu jaiak. Izan ere, euskal ekitaldi folklorikoez gain, munduko kultura batzuk ezagutzeko guneak ere aurkitu daitezke hiritik irten gabe. Arabiar Azoka da jaietako gune garrantzitsu eta berezienetako bat. Marokoko zoko klasiko baten antza du, baina arabiarrak ez ezik gasteiztarrak ere erakartzea du helburu, azokak eskaintzen duen guztiaz goza dezaten.

Janari saltokien artean, eskulangileen postuak ere badaude Francisco Juan Ayala plazan. Halere, saskigintzako tailerrak, hennazko tatuaje tailerrak eta idazkera arabiarreko tailerrak antolatu dituztela irakur daiteke plazako jarduerak iragartzen dituen kartelean. Gunea txukun apainduta dago, eta igartzen da azoka Andre Maria Zuriaren jaietako gunerik esanguratsuenetako bat dela. Zaporez, usainez eta askotariko sentsazioz betetako plaza bat da. Bisitariak hiriko kaosetik urrundu dira, eta nabari da bilatzen ari diren bakea aurkitu dutela Arabiar Azokan.

Eguerdiko 12:00etan ireki dituzte lehen saltokiak, gasteiztarrek ohiko paseoa ematen duten orduan, hain justu. Ikusmiraz gerturatu dira batzuk, eta plaza miretsi dute. Plazaren sarreran oholtza bat dago, hainbat apaingarri dituena, eta arabiar erritmoak entzuten dira bozgorailuetatik: Afrika eta Asiako tokiak ekartzen dituzte gogora.

Azokaren sarreran dago Lyongo (Frantzia) Mohamed Aziz-en saltokia. Kebaba eta tea saltzen ditu, eta harena da merkatu osoko karpa handiena. Bezero bati katilu bat te marokoar zerbitzatzen ari den bitartean, adierazi du asko eskertzen duela gasteiztarren harrera: «Egun batzuetan, gehiago saldu dugu, eta beste batzuetan, aldiz, gutxiago, baina jendea oso atsegina izan da».

Saltoki gehienetan janaria bakarrik saltzen duten arren, dekorazio edota higiene produktuak saltzen dituztenak ere badaude. Tankerako guztien artean, bada bat bereziki nabarmena: ikusi bezain laster susmatzen da egiptoarra dela. Tarek Okaxa egiptoar saltzailearena da —Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi da—. Azaldu duenez, atseginez hartzen ditu harengana jotzen duten bezero guztiak.

Gasteiztarrak «bereziki maite» dituela dio Okaxak, bai arabiarrak direnak, baita arabiarrak ez direnak ere. Halere, arabiarrentzat halako postuek duten garrantziaz mintzatu da. «Arabiarrentzat, oso garrantzitsua da jaietan ere halako guneez gozatzeko aukera izatea, asko eskertzen baitute», esan du Okaxak.

Saltokietan saltzen diren produktuak bezala, askotarikoa da plazan bildu den jendea ere. Horregatik, hain zuzen ere, Okaxari iruditzen zaio «oso aberasgarria» dela jaietako egun guztietan plazan dagoen kulturen arteko bat egitea. «Hiri gutxitan ikus daiteke Gasteizen dagoen aniztasuna eta guztien arteko errespetua».

Saltoki «koloretsuak»

Oraindik goiz bada ere, gasteiztar asko dabil plazan bueltaka. Araia Agirre neskatoa Okaxaren saltokietara hurbildu da, amarekin batera. Etxerako xaboi bat erosi dute beste saltoki batean. Amak xaboia erakutsi bitartean, saltokiko apaingarriei begira dago Agirre. Asko gustatzen zaio plazako dekorazioa eta saltokietako karpak koloretsuak izatea. «Euskal Herriko denda gehienak zuriak eta beltzak dira; hemen, berriz, koloretsuak dira, asko gustatzen zait hori».

Badirudi ahora zerbait eramateko ordua iritsi dela kalez kale jai giroaz gozatzen ibili direnentzat. Haragi usaina dario plazan zehar zabaltzen ari den keari. Itzalean eta eserita bazkaltzeko haimak daude, eta han bildu dira asko.

Finean, beste leku batzuetan aurkitzen ez duen horren bila joan da jendea plazara. Kulturen arteko ikaskuntza ardatz izanik, dena nahasten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.