Albistea entzun

Antzara Eguna

Aldaketa ia ikusezin bat

Lehen aldiz, Lekeitioko kuadrilla denek hegazti sintetikoa erabili dute antzara jaian. Alabaina, beste aldaketa bat izan dute ahotan, batik bat: pantalanaren itxitura.
Mutil bat antzarari helduta, eta, atzean, jendetza Lekeitioko portuko hesien atzean. Antzara Eguna ospatu zuten atzo.
Mutil bat antzarari helduta, eta, atzean, jendetza Lekeitioko portuko hesien atzean. Antzara Eguna ospatu zuten atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko irailak 6 - Lekeitio

Bat-batean, antzara indar handiz atera da gorantz, hari helduta zegoen lagunak askatu duenean. Denbora gutxi barru, berriro ikusi da hegazti sintetikoa hegan, Lekeitioko (Bizkaia) portuan bildutako jendetzaren begiradapean. Eta kasik hala baino ezin dezakete aditu askok, pantalan hesitu berriaren inguruan kokatu den jende murruaren artetik. Hainbat iturritatik datorren musikak eta bozgorailutik aditzen diren azalpenek isilarazi egiten dituzte publikoaren erreakzioak; beraz, ezin izan tiraldien berri, ezta porrot eta arrakastena ere; aurpegiera dezepzionatu bat ikus daiteke tarteka, lagunari egindako keinuren bat akaso.

Hegaztiaren mugimendu bortitzek ematen dute pista bakarra, eta ugariak izaten ari dira. Parte hartzaileak azkar ari dira irrist egiten; askok bi tiraldi baino ez dute irauten; baten batek, hiru, eta badago tiraldi bakar bat ere egiten ez duenik. «17.ak bukatu du, eta orain 18.a ari da», esan die lagun batek Onintza Larrategiri eta Eva Venturari. Tabernen parean daude antzara jaia ikusten, eta, Larrategiri asko gustatzen ez zaion arren, ahal duten neurrian ari dira ikusten. Uste baino arinago doa kontua. «Uste nuen 5.etik zihoazela», esan dio Venturak lagunari. Apenas ikus dezaketen arren, ondo ari dira pasatzen. Giro «ona» dagoela iruditzen zaio Larrategiri, aurrekoetan baino «lasaiagoa», eta, dioenez, nahiago du horrela.

Pandemia garaiko lehen festa uda biribilduko dute, besteak beste, Lekeitioko sanantolinek, eta lehengoak izaten ari dira ezbairik gabe aurtengo jendetza, giroa eta alaitasuna. Baina antzaldatuta itzuli da, berriz, antzaren jaia: lehen aldiz, kuadrilla guztiek antzara sintetikoak erabiliko zituztela erabaki zuen Lekeitioko Udalak, EAJren eta EH Bilduren babesarekin; 2019an, kuadrillen %65k aukeratu zuten Antzar Tek deritzona, eta, hori horrela, «aldaketa natural» bat iruditu zaie udalekoei.

Jendetza, Lekeition, atzo. Aritz Loiola, Foku

Larrategik eta Venturak, ordea, ez dute hain argi; elkarri begiratu, eta besaburuak altxatu dituzte erantzun baino lehen. «Denbora kontua zen, bagenekien etorriko zela», adierazi du Larrategik. «Nik ez dut txarto ikusten, baina hainbeste balio dute, eta salto bat ere ez dute aguantatzen. Jateko ere hil egiten dira animaliak», gehitu du, baina jarraian emandako azalpenekin, sintetikoaren aldekotasuna iradoki du: «Beti egin izan da bizirik zeuden animaliekin, eta nik hori ez dut ondo ikusten. Egin daiteke faltsuekin, baina izan daitezela ganorazkoak, ezta?».

Antzarak baino, pantalana

Tradizioek duten pisuari erreparatuta, bada antzarekiko irizpide aldaketa mugarri bat udalerrian. Baina badirudi beste aldaketa batek asaldatu dituela festara joandakoak, batez ere: kaiko ertzetan hesiak kokatu izana pantalanerako sarrera ixteko. Hori da aurtengo aldaketarik esanguratsuena, antzarena baino gehiago ia, Larrategiren hitzei erreparatuta bederen. «Orain, portuan ez dago aukera askorik antzara jaia ikusteko; lehen, aukera gehiago zegoen. Pantalaneko burdinek jendea molestatzen dute».

Hesiak aipatu ditu, orobat, Isusko Diezek. Bera ere terrazen gunean dago lagunekin, itzalpearen parean, baina lehen kai ertzetik ikusten zituen antzarak, pantalanean jesarrita, edo uretan. Gogoan duenez, lehen jendea libreago ibil zitekeen, pantalanetik sartu-irtenean. Orain, ez. «Portua itxi egin diete herritarrei, eta ez da ikusten. Ematen du lehentasuna dutela yatea duten aberatsek, aurretik amarradura pagatu dutenek».

Portuaren parean edo urrunago, gozatzen ari dira jaiaz, nolanahi ere.Lagun bat gogoz ari da dantzan, esku batean tragoa eta bestean ortzadar koloreko abanikoa duela. «Hemen gabiltza, jaietan blai», esan du, bustitako paparrari erreparatuta. Gaztetan Lekeitioko jaietan egondakoa zen, baina aspaldian joan gabe zegoen, eta aurten animatu da ostera ere. Gustuko du Antzara Eguna, baina nahiago du urrunetik ikusi, «saltsan».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.

Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Ramen: zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.