Magiaren nazioarteko hiria

Gasteizko Magialdian, 200 mago profesional eta afizionatuk baino gehiagok parte hartuko dute; bihar hasi eta igandera bitartean egingo da jaialdia.

Dana Diaz mago venezuelarraren ikuskizuna, 2017ko Gasteizko Magialdian. JUANAN RUIZ / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Gasteiztarrentzat zerbait berezia da magia, hiria magiaz betetzen baita aste batez. Mago famatuenek beren trikimailu eta sorginkeria onenak erakusten dituzte. Antzokietan edo kalean, berdin dio non: magoek edozein lekutan egiten dituzte trikimailuak.

Nazioarteko Magialdia festibalaren 34. aldia hasiko dute bihar Gasteizen. Jaialdiak bere ohiko programazioa berreskuratuko du, eta Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako 200 mago profesional eta afizionatu baino gehiago izango dira. Azken bi urteetan ere ospatu ahal izan dute, baina ez da gauza bera izan. Aurten, ordea, Magialdiak programazio osoa berreskuratuko du. Beraz, bihartik igandera bitarte, magiarekin zerikusia daukaten hainbat ikuskizunez gozatzeko parada izango da hirian.

Arabako hiriburuan izango diren emanaldien artean, nabarmentzekoak dira Federico Garcia Lorca antzokiko Ikasleentzako magia ikuskizuna, Vital fundazioak antolatu dituenak eta Plaza Berriko itxiera ekitaldia.

Europa biltzar etxean, beste urte batez, Nazioarteko Magia Galak izango dira, gainera.Eta, ohiko gala eta espektakuluak ez ezik, Magialdira itzuliko dira AEBetako Penn & Teller Fool Us telebista saioko entzunaldiak ere.

Urtero legez, Alde Zaharreko tamaina txikiko saioek garrantzi berezia izango dute aurten ere, eta erakusleihoak zein kale izkinak magiaz beteko dira. Kaleko magiak ez du etenik izango, eta hainbat mago egongo dira kalean magia erakustaldiak eskaintzen: Giancarlo Scalia (Italia), Carola Scialabba (Argentina), Gabriel Gascon (Txile) eta Adrian Conde (Argentina), besteak beste.

Herrietatik hirira

Abuztuaren 28tik gaur arte, Magialdiarabaren 7. aldia igaro da Arabako hamazazpi herritatik: Tor, Hodei, Asier Kidam, Txoborro eta Imanol Ituiño Euskal Herriko magoen eskutik. Ituiñok azaldu duenez, «jendearen gogoa pizteko eta festibal nagusia promozionatzeko» egin dute aurtengo Magialdiaraba: «Beti da polita Arabako herri txikietan ikuskizunak egitea, harrera oso ona izaten baitugu beti». Arabako herrietako bira amaituko dute gaur, eta Magialdia has dadin «irrikan» dago Ituño.

14 urte zituenetik, barrutik bizi izan du Gasteizko jaialdia. Magia trikimailuak egiten hasi berria zen jaialdira joan zen lehen aldian. Ez zeukan mundu mailako mago asko ikusteko aukerarik, «ez baitzegoen Youtuberen moduko plataformarik». Halere, ordutik «ikaragarria» iruditzen zaio jaialdia.

Egun, munduko mago guztiek ezagutzen dute jaialdia, eta haien elkargune bilakatu da. «Aspaldi ikusi ez ditudan lagunak ikusteko leku bihurtu da niretzat», esan du Ituiñok. Horrez gain, mago asko bezala, truko berriak ikastera joaten da bera: «Jendeak uste du gure trukoak ez dizkiogula inori kontatzen, baina magoen artean bai, kontatzen ditugu. Horretarako aproposa da Magialdia». Trukoak erosi edo saldu ere egiten dira, eta magoek trikimailuz betetako liburuak edota diskoak erosteko aukera izango dute.

Publiko «hezia»

Gasteizko jendea oso ohituta dago magiara. Mundu osoko mago guztiek ondo dakite hori.«Badakite zer den magia; oso ondo heziak daude», azaldu du Ituiñok, harro. Gainera, «oso esker oneko publikoa» ere bada.

Gasteizko jaialdiaren moduko topaketek agerian uzten dute magia «haurrek eta helduek gozatzeko» zerbait dela. Horregatik, hain justu ere, Ituiñok argi utzi nahi izan du Magialdiko ikuskizun gehienak aproposak izango direla publiko mota guzti-guztientzat: «Magia haurrentzat dela dioen mito faltsua hautsi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.