
«Folklore akademiako ikasleen txanda da; haiek hartuko dute oholtza. Musika klaseetan jotzen dugun guztia interpretatzen ikusiko gaituzue», azaldu du Errando Lopez de Luzuriaga Folklore akademiako irakasleak. 28 urte daramatza trikiti irakasle, eta, aurten, berak hartu du Gasteizko jaietako saioa aurkezteko ardura. «Gazteenak izango dira oholtzara igotzen lehenak; Alazne eta Beñat, zehazki». Hiru pandero jotzailek lagunduta hartu dute eszenatokia, eta berehala ekin diote jotzeari. Kalejira doinuak jotzen hasi dira, eta Mikel Laboaren Txoria txori abestiari heldu diote ostera.
Behar baino hamar minutu beranduago eman diote kontzertuari hasiera Alaznek eta Beñatek, baina jotzen amaitu dutenerako, aurreko eta amaierako eserleku gehienak betetzea lortu dute. Azken lerroaren atzean, gainera, gurpil aulkian doazen zortzi pertsona daude, bakoitza bere laguntzailearekin. Egiten duen beroak, ordea, lehenengo lerrora mugitzera behartu ditu, eta eguzkitako baten azpian jarri dira guztiak, itzalpean.
Bien bitartean, musikariek emanaldiarekin jarraitu dute. «Akademiako beste taldetxo bat igoko da orain oholtzara, eta errepertorio txiki bat joko du», esan du Lopez de Luzuriagak. Ikusleak eserlekuetatik altxatzera animatu ditu jarraian irakasleak: «Nahi baduzue, itzalean dantza egin dezakezue; horrekin arazorik ez dugu!». Aldiz, oholtza pareko eskaileretan arin-arina dantzatzen ari den bikote batek besterik ez dio kasurik egin. Gainerako guztiek eserita jarraitu dute.
Kalejira doinuak jo ditu Folklore akademiako talde txiki horrek ere, baina, oraingoan, publikoaren artean zirrara handiagoa eragitea lortu dute. «Iñakiiii, Iñakiii, Iñakiii!!», oihukatu dute blusa jantzitako bi gizonek musikarietako bat animatzeko asmoz. Hirurak lagunak dira, baina Iñaki lotsaren lotsaz gorritzea nahi dute lehenengo biek. Emanaldia ikusten ari den ume batek ere musikarien artean klasekide bat identifikatzea lortu du : «Aita, ama! Hori Aitor da!», jakinarazi die gurasoei. Gurasoek baietz esan diote buruarekin, eta musikaz gozatzen jarraitu dute hirurek.
Txanda aldaketa
Egun da santimamiña abestiarekin agurtu du publikoa bigarren taldeak, eta, ordainetan, txalo zaparrada jaso du. Lopez de Luzuriagak berriz hartu du hitza: «Gure ikasleak oholtzara igotzen direnean, irakasleok nolabaiteko inbidia sentitzen dugu, eta guri ere jotzeko grina sortzen zaigu». Mikel de la Presa eta Aitor Urteaga bere kide eta trikitilariak gonbidatu ditu ondoren oholtzara. Iñaki Alarcia pandero jotzailea ere haiekin igo da eszenatokira. Haiek prestatu bitartean, ikusleetako batzuek txosnetako ogitartekoa eskatzeko aprobetxatu dute; eta ogitartekoarekin batera, noski, garagardoa.
«Bizpahiru abesti joko ditugu orain, eta bertso saioan kantatuko duten bertsolariei utziko diegu gero lekua», adierazi du Lopez de Luzuriagak. Trikitilarien ostean, hain zuzen ere, Oihane Perea, Xabi Igoa, Aitor Bizkarra eta Uxue Alberdi bertsolariek eskaini dute bertso saioa. 13:30ean da bertso saioa, baina urtero gertatzen den bezala, gaur ere berandutu egin zaie. Tximeleta efektua-k du errua: trikitilariak berandu hasi, eta haien atzetik doan guztia atzeratu egiten da. Itzalean egonda, ordea, jendeak ez du etxera itzultzeko presarik, eta egunaz gozatzea du helburu nagusi. Jaietako azken-aurreko egunean, ahalik eta gehien aprobetxatu behar da denbora.