gorka julio
IRLEN SAREA

Kulturaren digitalizazioa

2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Kulturaren digitalizazioaren azkartzearekin, kultura kontsumo globalera irekitzen da gehiago. Merkatu horretan, produkzio gaitasunaz gain, bereziki promozio gaitasuna izango dutenengan kontzentratuko da jabetza, beste aldean kontrakultura bat ezartzeko gai ez bagara.

Jarrera kultural ezberdinak sortzea inoiz baino errazagoa da orain. Konspirazioaren teoriaren jarraitzaileek egunero frogatzen digute konplexutasuna sinplifikatu eta beraientzat zentzua duen kontakizun kultural bat sor daitekeela. Internet baliatuz, zure ideiekin bat egingo duen jendea topatuko duzu ziur. Baina, aldi berean, kulturari orokorrean, eta bertako langileei bereziki, eragingo dion uholde homogeneizatzaile bat datorkie gainera.

Digitalizazioaren azkartze horrekin batera, sortzeko baliabideak dituztenek ez ezik, promozionatzeko gaitasuna izango dutenek soilik egingo dute aurrera. Horrek kanalen kontzentrazio bat sortuko du eta, beraz, kapital gehien duten plataformetan zentralizatuko da eskaintza. Horrek epe laburrean AEBen hegemonia kulturala indartuko du, baldin bere gainbeherarekin batera eroriko ez balitz.

Testuinguru honetan, artistek, COVID-19ak bereziki kolpatuak, prekarizatuak, zirkuitu duin gutxirekin alarma gorria piztu behar izan dute; baina ez da nahikoa izango horrekin gurea bezalako kulturetan. Arlo publikotik etorri daitekeen laguntza, etorriko bada, ez da nahikoa izango artista askoren ogibidea sostengatzeko.

Arazoa ez da digitalizazioa, digitalizazioak arazoa azkartu badu ere. Merkatu global horretan egon nahi badugu —beste aukera bat, merkatu horretan ez egotea litzateke—, ez da nahikoa izango Netflix propioak sortzearekin, promozio gaitasun gutxirekin lehiatzen zaila izango baita. Harpidetza ereduak dena hartu du eta, honek lagundu badezake ere, gutxi batzuei bakarrik lagunduko die.

Harpidetza gainditu eta proiektuekin eta kulturaren langileak sostengatzeko gaitasuna izango duten egiturak sortu beharko ditugu. Haien artekoak bai, baina baita erabiltzaile, ikusle, hartzaile, irakurle... garenokin batera. Kulturaren kontsumotik kulturaren sortze partekatua bultzatuko duen kultura propio bat eraiki beharko dugu ezinbestean.

Kultura osasuntsu batek jendarte osasuntsu bat sortzen du; kultura gaixo batek, aldiz, jendarte gaixo bat sortzen duen bezala. Ez dezagun ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.