gorka julio
IRLEN SAREA

Itsusia nintzela zioten

2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Digitalitateak dena bustitzen du, gure harremanak etengabe eraldatuz. Horien artean erabakiak hartzeko edo elkarrekin koordinatzeko bideetan ere eragiten du, baina eredu batzuetan bakarrik inspiratzen da, beste batzuk alboratuz. Software libreari lotutako ereduen arrakasta ez zaio inspirazio iturri iruditzen. Aldiz, startup eredua edo blockchain teknologia oinarri duten pelotazoak, bai.

Har dezagun munduan gehien erabiltzen den webguneak egiteko tresna: Wordpress. Josephine Baker abeslari, dantzari, aktore, erresistentzian nazien aurka borrokatu zuen espioi eta arrazakeriaren aurkako militantearen izena dakar azken bertsioak. Interneteko webguneen %43 hornitzen duen tresna da, eta 836.016 kode lerro ditu. 226 pertsona-urteko lan-esfortzua beharko litzateke zerotik egiteko, eta 11.167.354 euro inguruko kostua luke. Azken bertsioan bakarrik, 624 kolaboratzailek parte hartu dute softwarea hobetzen.

Adibide soil bat da. Askoz gehiago daude, software librea ez baita berria. Harrigarria da funtzionatzen duen eredu horrek beste esparru batzuetan eragin gehiegirik izan ez izana. Digitalak garrantzi handia hartu du, komun digitalak eraiki, erabakiak komunean hartu eta parte hartzeko aukera bikainak eskaintzen dituen ereduak ez du apenas eraginik izan. Nola da posible emaitza libreki jaisteko aukera eman arren, zerbitzua ematen duten bertako enpresek eta egitasmoek baliatu dezaketen eredu batek ez interesatzea?

Aspaldi utzi diot programa informatikoei buruz hitz egiteari, ereduaren traslazioaz aritu ohi naiz. Nola da posible agintariek beste eremu batzuetarako kontuan hartu ez izana? Erabakiak hartu eta exekutatu behar diren eremuetan, adibidez, datu irekietara mugatu da horren eragina, horrela ulertuko bagenu. Demokrazia parte hartzaileago bat hauspotuko lukeen eredu digitalen ordez, aurrekontu parte-hartzaile mugatu eta gobernantza berri baten promesa kosmetikoak ditugu. Gehiago ere esan liteke: digitalizazioa, demokratizaziorako baino, gainditu beharreko langa bihurtu da askorentzat. Administrazioaren digitalizazioa erraztaile izan baino, oztopo da gizarte maila askorentzat. Josephinek abesten zuen moduan: «Itsusia nintzela zioten...», software librea oraindik ere itsusia omen da askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.