Liztor beltza du begiz jota

Harraparirik ez zuelakoan hedatu da etenik gabe liztor asiarra. Galizian eta Katalunian egindako azken ikerketek, ordea, agerian utzi dute zapelatz liztorjaleak haren habiei gogor erasotzen diela. Galiziako ikerlariek diotenez, 24.500 habia desegin zituen 2018an.

VASSILIS THEODORIDIS.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Eztenei eta ziztadei aurre egiteko dago prestatuta. Gakotuta dauka mokoa, babestuta dauzka betazalak, tapituta lumajea, eta ezkata gogorrekoak atzaparrak. Hegazti berezia da zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), ez baita batere harrapari txikia —50-60 cm luze—, baina bai bere tamainaren proportziorako oso dieta espezializatua duena: erleak, liztorrak eta erlastarrak jaten ditu; areago, haien habietako larbak ditu oso atsegin. Gauza jakina zen hori, baina berriki egindako bi ikerketek agerian utzi dutena da haren dietan sartuta daukala liztor asiarra ere (Vespa velutina). Berezko harraparirik ez zuelakoan etenik gabe hedatu eta milaka erlauntzetan triskantzak eragin dituen espezie inbaditzaileari agertu zaio, halako batean, ganorazko kontrario bat.

Bi ikerketa egin dituzte duela gutxi zapelatz liztorjalearen eta haren dietaren inguruan. Eta bietan izan da emaitza berbera: zapelatz liztorjaleak asiar liztorraren habiei erasotzen die, eta haiek eta haien larbak jan. Argigarria, eta harrigarria, ildo horretan, Galiziako Xuntaren aginduz Alcala de Henaresko Unibertsitateak egindako ikerketaren emaitza: zapelatzak 24.500 habia desegin zituela Galizian 2018an.

«Oso garrantzitsua da nabarmentzea zapelatz liztorjalea aliatu garrantzitsua dela erlezainentzat. Izan ere, liztor beltzaren milaka habiri erasotu die, baina ez erlezainen erlauntzak. Zapelatzaren eta erlezainen arteko elkarbizitza antzinakoa da Galizian», nabarmendu du Alcala de Henaresko Unibertsitateko ikerlari eta irakasle Salvador Rebollok.

Bertako harrapariak

Zapelatz liztorjalearen habietan kamerak jarrita lortu dituzte emaitzak. Rias Baixas inguruetako lau habietan, zehazki. «Garrantzitsuak dira ikerketaren ondorioak, agerian uzten dutelako tokiko harrapariak erantzun bat ematen hasi direla espezie inbaditzaile horri, eta, areago, espezializatzen hasi direla haien ehizan», azaldu du Rebollok. Izan ere, zapelatz liztorjalearen presentzia Galizian aspaldikoa da, baina, ondorioztatu dutenez, zapelatz bikoteen kopuruak gora egin du nabarmen liztor asiarra inguru haietan hedatu zenetik: 700 bikote inguru zenbatu dituzte.

Beste ikerketa Kataluniakoa da. Bartzelonako Biologia Ebolutiboaren Institutuak egin du 2012 eta 2018 artean, eta DNA analisietan oinarrituta baieztatu dute zapelatz liztorjalearen dietan liztor asiarra ageri dela. Zapelatzak Bartzelonako Diputazioaren parkeetan egindako zenbait habia aztertu dituzte. «Bazeuden susmoak lehendik, baina teknika genetikoen bidez demostratu ahal izan dugu lotura orain», azpimarratu du Roger Vila ikerlariak.

Bartzelona inguruetara beranduago iritsi zen liztor asiarra, baina ikerlariak harrituta daude zapelatzak oso azkar gehitu duelako liztor beltza bere dietara. Ikertu duten eremua aintzat hartuta, urtebeteko epean egin du hegaztiak moldaketa. Konturatu dira, gainera, liztor beltzaren habiei erasotzea erosoagoa zaiola, nolabait, zapelatz liztorjaleari. Izan ere, liztor arruntarenak, basa erleenak eta erlastarrenak lurrean egoten dira askotan, eta haien bila doanean babesgabe eta beste harrapakarien mende gelditzeko arriskuan egon ohi da zapelatza. Liztor beltzarenak, berriz, zuhaitzen goiko partean eta altueran egon ohi dira. Harentzat, eroso.

Lau bikote Urdaibain

Negua Saharatik behera igarotzen du zapelatz liztorjaleak, eta oraintxe da garaia iparraldera iristeko. Soilguneak dauzkaten edota landazabaletatik gertu dauden baso epel eta borealetan bizi dira. Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoarena da azalpena, eta hark Euskadi Irratiko Faktoria saioan esandakoak erreportaje honetarako aitzakia eta abiapuntua. «Lehen liztorrak orain hasiko gara ikusten, eta, haiekin batera, zapelatzak ere bai. Ez da edozein lekutan ikusten den hegazti bat», azaldu du Unamunok.

Oso «bitxia» eta «polita» dela dio Urdaibai Bird Centerreko biologoak, eta erabat «espezializatuta» dagoela erleak, liztorrak eta erlastarrak jaten. «Eta gure inguruan daude. Ez dira taldeka ikusten, baina egon badaude. Urdaibaien lau bat bikote bai behintzat, eta Euskal Herrian askoz gehiago. Negua ez du gure artean pasatzen. Arrano arrantzalearen antzera, Afrikara joaten da. Han pasatzen du negua, eta oraintxe apirilean agertuko da Euskal Herrian, baina oraindik ez dut ikusi. Badakit etortzen den bikote horietako batek non egiten duen habia: pinudi batean, urtero etortzen delako Kanala auzo ingurura. Eta Solluberantz ere badakit badagoela beste bikote bat».

2003koa da zapelatz liztorjalearen inguruan egindako azken errolda. Javier Prieta ornitologoak egina da, eta haren arabera, Europan 100.000-150.000 bikote inguru zeuden garai hartan. Euskal Herrian, Nafarroako hegoaldean izan ezik, gainontzeko leku gehienetan bizi da zapelatz liztorjalea. Hala ere, asko ezkutatzen den hegaztia denez eta ikusten den gutxietan zapelatz arruntarekin nahasteko arriskua dagoenez, ez dago haren populazioari buruzko datu zehatzik. Prietaren datuen arabera, 140-200 bikote zeuden Hego Euskal Herrian ikerketa egin zuen garaian.

Datu zehatzak jakin gabe, beraz, ez da erraza zapelatz liztorjaleek liztor asiarraren kontra Euskal Herrian eraginkortasunik izan dezaketen jakitea. Unamunok nabarmendu duenez, Galiziako ikerketak agerian uzten duena da liztor asiarra hedatu den tokien zapelatzaren populazioa «nabarmen igo» dela: «Janari iturri itzela agertu zaie».

Beraz, egon liteke bideren bat zapelatz liztorjale horien populazioa ugaritzeko Euskal Herrian? Unamunori galdera, eta harena erantzuna: «Arrano arrantzalearekin egin genuen moduan, zapelatz liztorjaleak ekarri, ezta? Ez. Galizian ikusi dena da populazioak berez egin duela gora, janari iturri berri bat dutelako». Ezin direla gauzak «behartu» dio Unamunok, eta era «naturalean» gertatu behar lukeela ugaritzeak, «bere kabuz».

Erlezainen ongietorria

Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidentea da Mikel Zubeldia. Berriki izan du Galiziako eta Bartzelonako ikerketen berri. Harritu egin dute emaitzek. Batik bat, Galizian ateratako kontuek: «24.500 habia asko dira; askotxo. Gipuzkoan oso urte txarra izan zen iazkoa, eta 1.600 habia zenbatu genituen. Jakinda, hori bai, Galizian hemen baino gogorrago jo duela liztor beltzak».

Dena dela, liztorraren kontrako orain arteko borrokan indarra «gehitzeko» bada, «ongi etorria» dela nabarmendu du Zubeldiak. «Nahiz eta eragina txikia izan, eragina baldin badu, bejondeiola. Udazkenean ikusten da gehien liztorra, eta haren bila joaten da nonbait zapelatza. Eragiten badio, zoragarri. Hori gehiago. Aztertu beharko litzatekeena da bizirik dagoen liztor habia bati erasotzeko gaitasunik ote duen».

Badu eskarmentua Zubeldiak. Liztor beltzaren kontra hasieratik «milaka gauza» probatu direla dio, baina denboran iraun dutenak «tranpak» izan direla. «Eraginkorrak horiek izan dira: tranpak. Bai udaberrian, bai udazkenean. Etxean egindakoak edo komertzialak, baina horiek izan dira orain arte eraginkorrenak. Batez ere, udaberrikoak».

Izan ere, liztor beltzak urria-azaroa inguruan ematen dizkie arazo gehien erlezainei; erlea negurako prestatzen ari denean. «Liztorren erasorik handiena orduan gertatzen da. Eta nahiz eta ia metro eta erdiko habiak egiten dituzten, hostoak erortzen hasten diren arte ez dira ikusten. Orain udaberrian tranpetan erortzen direnak erreginak izaten dira, eta hori ere eraginkorra da. Haien hibernaziotik ari dira esnatzen lehen beroekin, eta tranpetan erortzen zaizkigunak erreginak dira. Eta ongi ari dira erortzen».

Iaz inoiz baino habia gehiago izan zituztela dio Zubeldiak, baina azken urteetan liztor beltzak «goia jota» daudela. Eguraldiak eragiten ei die asko, eta horregatik egoten omen dira gorabeherak urte batetik bestera. «Zer gertatzen da? Liztorrentzat txarra den urtea normalean erleentzat ere txarra izaten dela. Euritsua eta hotza erlearentzat ere ez da ona».

Posible da elkarbizitza?

Elkarbizitza posible ote den galdetuta, Zubeldiak aipatu du egoera «etsigarria» dela. «Lan handia» duela liztor beltzaren kontrako borrokak, eta erlezainek lehen ez zuten lan gehigarri bat dela, gainera. «Egia da udazkenak ez duela ezti garaiarekin edo erlea indartsuen dagoen garaiarekin kointziditzen. Lehen, behin eztia atera eta negurako prestatze horretan, ez zegoen erleetan horrelako lanik, baina orain, bai».

«Etsipena» eta «inpotentzia» aipatu ditu Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko buruak. «Zeren ikusten dituzu liztorrak eta liztorrak, eta ari zara harrapatu eta harrapatu, baina ez da inoiz amaitzen, eta ikusten duzu erlea buelta eman ezinda. Urtero errepikatzen den zerbait da. Ez da urte batean edo birritan gertatzen dela eta gero argia ikusiko duzula, ez: ia hamar urte daramatzagu honekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.