Albistea entzun

Ostatua eta babesa tximeletentzat

Zerynthia elkartearen proiektuetako bat da Tximeleten Oasia. Elkarteak, ikastetxeak eta norbanakoak bultzatzen dituzte oasiak sortu, zaindu eta ezagutzera. Euskal Herrian 50 inguru daude. «Ezagutzen ez dena ez baita zaintzen», diote elkartekoek.
Tximeleta bat, lore artean, Pagoetako parke naturalean.
Tximeleta bat, lore artean, Pagoetako parke naturalean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko uztailak 7

Badakigu tximeletak existitzen direla, baina ez diegu behar beste atentzio eskaini». Yeray Monasteriorena da hausnarketa, Zerynthia elkarteko presidentearena. Eta atentzio falta horretaz ohartuta sortu zuten elkartea duela hamabost urte: eguneko eta gaueko tximeleten ikerketa, zaintza eta dibulgazioa bermatzeko. «Ezagutzen ez dena ez baita zaintzen», diote elkartekoek, eta helburu horrekin abiatu zuten 2016an Tximeleten Oasia proiektua. Geroztik, 300 bat oasi daude Espainiako Estatuan, eta 50 inguru Euskal Herrian. Natur inguruneetan —Gorbeia, Izki, Valderejo, Salburua, Urdaibai— eta ingurune urbanoetan —Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz—, elkarteek, ikastetxeek eta norbanakoek sortzen dituzte oasiak: «Hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako erremintak dira».

Prozedura erraza da: oasia eraiki nahi duenak Zerynthia elkartearekin jarri behar du harremanetan (oasisdemariposas@gmail. com), eta bere oasia non eraiki behar duen jakinarazi. Elkartekoek kartel bat diseinatuko diote oasiaren izenarekin eta argibideekin; hura jasotzen dutenean, argazki bat atera, elkartera bidali eta haiek euren mapan jarriko dute. Bitartekaritza eta aholkularitza lana egiten dute elkartekoek: zer landare landatu esan, zein tximeleta dituzten jakinarazi...

Elkartekoek diote ez dela leku handirik behar, oasiak eta ezagutza «saretzea» dela garrantzitsuena. «Beldarrak lurrean ikusi eta zapaldu, edo beldarrak landarean ikusi eta pestizidak erabili beharrean, kontrakoa egitea. Landare jakin batzuk landatzea, horien loreen nektarra janez elikatu daitezen, edo landare horietan arrautzak jar ditzaten. Haurrentzat eta ikastetxeentzat oso baliagarria da hori guztia, ikus baitezakete ziklo biologiko osoa nolakoa den», azaldu du Monasteriok.

Kontua ez baita lorategi eder bat sortzea. Oasia egiten duenak kontuan hartu behar du beldarrek hostoak jan egingo dituztela, eta horretarako landatzen direla landare horiek. «Landare arruntak dira: izpilikua, ezkaia, erromeroa... lorategi urbanoetan ez dira hain ohikoak, horietan sasoiko landareak landatzen dituzte, eta balioa estetikoa hartzen dute aintzat. Ihartzen direnean, kendu egiten dituzte, eta beste batzuk landatu. Lorezaintza mota horrek ez du ia ekarpenik egiten biodibertsitateari dagokionez. Horregatik bihurtzen dira hiriak basamortu biodibertsitate aldetik, eta horregatik izena du proiektuak Tximeleten Oasia», nabarmendu du Zerynthiako presidenteak.

Datu «kezkagarriak»

Biodibertsitatearen galera orokorra dela dio Monasteriok, eta ornogabeena ere bai. Larreetako tximeletei buruzko ikerketa bat osatu dute berriki, Europako Batasuneko beste hainbat herrialderekin batera: «Espezie taldetxo bat baino ez da izan, baina emaitza izan da %40 gutxitu direla azken hamarkadetan. Galera %5 balitz, jada kezkagarria litzateke; beraz, pentsa zer den %40». Arrazoiak? Pestizida gehiegi erabiltzea —«modu neurrigabean erabili ditugu»—, baina baita landa eremua albo batera utzi izana ere: «Abeltzaintza estentsiboa desagertzeak eragiten du larre eta belaze horiek jada ez direla larreak eta belazeak: sasiak eta sastrakak sartzen dira, eta desagertu egiten da milaka urtean izan dugun habitat zabal hori. Abeltzaintza geldiaraztearekin batera geldiarazi da beste guztia, bat-batean, eta ingurunean sekulako aldaketak eragiten ari da».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Harrobia behar du dantza bertikalak»

Unai Etxenausia

Orduak soka batetik zintzilik pasatzen ditu Peonek. Dantza bertikala Euskal Herrira ekarri zuen, eta hedatuz joan da gutxinaka. Diziplina horren lehen topaketa antolatu dute Bilbon.
Haurrei zuzendutako <em>Mantangorri</em> gehigarriko edukiak sarean ere topatu ahalko dira hemendik aurrera, <em>Berria.eus/mantangorri</em> webgunean. ©BERRIA

'Mantangorri'-ren webgunea martxan da

Urtzi Urkizu

Paperean argitaratzen diren edukiak eskuragarri egongo dira. Ipuinak bideo formatuan ere bai

<em>Altsasu (gau hura)</em> filma. ©MARMOKA FILMS

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.