gorka julio
IRLEN SAREA

Tele-errealitate berria

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bideokonferentziak eta telelana sozializatu dira, eta horrek eragin handia izan du. Etxeko zaintza, aisia, lana, bizitza... espazio bakar batean egin behar izan dugu. Horrek askorentzat dakartzan arazoez gain, mugarik gabeko telelana eta bideokonferentziek erronka berriak jarri dituzte mahai gainean.

Telelanera ohitzea ez da erraza, askok denbora errekorrean egin behar izan badute ere. Telelanarekin efizienteagoak izaten gara kasu askotan, bilera (ez beharrezko) asko desagertzen dira, baina baita espazio informaletako komunikazio bizkorra ere—hori posta elektronikoko edo Whatsappeko mezu batean bilakatzen da maiz—.

Telelanaren gako nagusia mugak jartzean dago: ordutegi zehatz bat finkatzean; posta elektronikoa etengabe ez irekitzean; distrakzioak, sakelako notifikazioak ondo antolatzean ezinbestekoak —bizitza ez da gelditzen— edota lanari lotutakoak jasotzeko; ahal dela, lan espazio berezitu bat definitzean; asteburuak eta jai egunak errespetatzean; errutina berriak diseinatzean...

Telelanean bizitza pasatu dugunok hori dena badakigu edo bagenekien. Bagenekien, telelangile olatu berriak ere sare efektu bat sortzen duelako. Mugak jarri behar direla ulertzen ez dutenek —edo jarri ezin dituztenek—, presioa sartzen dute guztiongan, eta horrek antsietate kate moduko bat sortzen du. Maiatzaren 1ean e-mailak erantzuten aritu zirenak milaka izango ziren.

Bideokonferentziak ere sozializatu ditugu. Horiekin batera, zenbait pertsonak nekea, zailtasunak, ezin egona... sentitzen dute. Bideokonferentzia bat ez da aurrez aurreko komunikazio arrunt bat. Askorentzat, egoera publikoan hitz egitearen parekoa da. Arreta asko eskatzen du ikusle bezala, eta hizlari bezala zer esan, jendearen erreakzioak interpretatzen saiatzea pantaila lau baten aurrean.

3D (+hitzik gabeko komunikazioa) komunikazio eredu batetik 2D komunikazio plano batera pasatu gara. Ez gaude erosotasun espazio batean; gure etxean gaude, bai, gure gotorleku espazioan, baina sozializaziorako erabiltzen ditugun maskarak jantzi behar ditugu —profesionalarena, lagunarena, maitalearena...—, horrek dakartzan arazoekin. Onar dezagun: harremanak errealitate berrira egokitzea oso zaila da, denborarekin egokitu bagaitezke ere; hori edo intsumiso deklaratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.