Aitzindaria izan zen

Duela astebete hil zen Loli Lopez alpinista donostiarra, euskal emakume mendizaleen artean bide urratzailea izandakoa. Lopezen bizitzaz eta ibilbide oparoaz mintzatu dira haren gertukoak.

Loli Lopez, Josune Bereziarturi bere izena daraman saria ematen, 2013an. EMF.
Unai Ugartemendia.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Donostian, bere jaioterri eta bizilekuan, eman zuen azken arnasa Loli Lopez Goñik (Donostia, 1930), otsailaren 2an. Historiara pasatu da Lopez, eta askorentzat, bera izan da euskal emakumeen artean mendizaletasunaren aitzindaria. Horren erakusgarri da haren izena daramala aspalditik Euskal Mendi Federazioak urteroko festan banatzen dituen sarietako batek. Emakumezko alpinista batek egindako jarduerarik onena nabarmentzen du sari horrek.

Oso gazte hasi zen mendian Lopez. Donostiako Amaikak Bat mendi taldean eman zituen lehen pausoak, eta hantxe ezagutu zuen bizitza guztian sokalagun izan zuen Imanol Goikoetxea (Donostia, 1934). Mendian bakarrik ez, bizitzan ere bera izan zuen sokalagun, senar-emazte izan baitziren. Ederki gogoratzen du Goikoetxeak elkar ezagutu zuten egun hura. «1955ean, Uzturre mendira egindako irteera batean ezagutu genuen elkar. Hango horma eskalatzeko irtenaldia antolatu genuen Donostiatik, eta bera ere gurekin etorri zen. Aurreneko aldia zuen. Ordura arte inoiz eskalatu gabea zen. Orduz geroztik, ez ginen banandu». Hastapenetaz galdetuta, Goikoetxeak oroitu du elkar ezagutu zutenean Lopezek ez zuela mendizaletasun handirik, baina natura «ikaragarri» gustatzen zitzaiola.

Lopezekin eskalatzen hasitako bat da Julio Villar (Donostia, 1943) alpinista eta bidaiaria. Ez da edonor. 1974an, Everesteko Tximist espedizioko kide izan zen, Felipe Uriarterekin, Angel Alexandre Rosenekin, Txomin Uriarterekin eta Angel Landarekin, besteak beste. «1961ean ezagutu nuen Loli, Donostiako Club Vasco de Campingeko egoitzan. Eskaladako talde bat sortu genuen, eta Suso Ayestaran, Juan Antonio Toledo eta beste batzuekin batera, Loli ere gurekin joaten zen».

Inork ondo ezagutzen badu euskal mendizaletasunaren historia, hori Antxon Iturriza (Donostia, 1948) mendizale eta idazlea da. Iturrizak hamaika liburu idatzi ditu euskal mendizaletasunaz. Lopezengatik galdetzean, berak argi dauka: «Haren mailako emakumerik ez zegoen orduan. Erreferente bat izan zen». Euskal mendizaletasunak inoiz izan duen belaunaldirik onenetako baten parean jaiotako alpinista askorekin ibiltzeko aukera izan zuen Lopezek, eta, Iturrizak azaldu duenez, «ez zen atzean gelditzen haiekin ere». Haietariko askok Tximist espedizioa osatu zuten, 1974an eta 1980an. «1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hasieran, feminismo aktiboa egiten zuen ordurako. Orduan ez zegoen feminismo hitza hiztegietan, baina berak ekintzekin erakusten zuen», dio Iturrizak. Aitzindaria izan zen ohitura askotan. Adibidez, emakumeen artean praka luzeak ondo ikusita ez zeuden garaietan, Lopezek ez zuen zalantzarik izan haiek janzteko. Alpeetara joateko arropak ere berak egin behar izan zituela ere aitortu zuen. «Niri behin kontatu zidan prakak eramateagatik elizatik ere bota zutela. Ez dut orain ondo gogoratzen, baina uste dut Irunen [Gipuzkoa] izan zela aipatu zidala. Oso erlijiosoa zen, gainera».

Goi Mendietako Taldea

Urte asko dira euskal emakumeak mendian ibiltzen hasi zirela. Lehen hirumilakoa osatu zuen lehena Pilar de Larrañaga izan zen. Historiak dioenez, senar zuen Jenaro Ruiz de Arkaute tolosarrarekin igo zen lehenbizikoz Balaitous mendira (Pirinioak, 3.145 metro), 1915ean.

Geroago, Adeli Perez bizkaitarrak Tubkal (Maroko, 4.167 metro) mendira igotzea lortu zuen 1950ean. Baina historiako egunik garrantzitsuenetako bat 1959ko urriaren 25ean izan zen. Eibarko (Gipuzkoa) Club Deportivo mendi taldearen egoitzan, Goi Mendietako Euskal Taldea sortu zuten. Gizonentzako esparrua besterik ez zen mendia garai haietan. Hemezortzi kidez osatutako talde hartan, Lopez zen emakume bakarra. «1959an, Goi Mendiko Taldea osatu zenean, biak bertan ginen. Gutaz gain, alpinista handiak zeuden: esaterako, Angel Landa, Pedro Udaondo, Pako Lusarreta eta Jose Mari Regil, besteak beste», esan du Goikoetxeak.

Ordurako, Lopez Mont Blanc (Alpeak, 4.810 metro) eta Cervino (Alpeak, 4.478 metro) mendietara igoa zen, 1958ko udan. Garai haietan, mendi garaietan ibiltzen ziren emakumeen kopurua ez zen oso handia, eta, Iturrizarentzat, Lopezek ireki zuen bidea. «Maritxu Urreta ere oso ausarta zen garai haietarako, baina mendizale apalagoa zen. Bera ere joan zen Mont Blancera, baina gidari bat ondoan zuela. Lolik, ordea, bere kasa egiten zituen irtenaldiak, Imanolen laguntzarekin»

Haren senarrak ez du ahaztu Alpeetara eginiko oporraldi hura. «1958an, lehenik L'M izeneko orratz batzuetan ibili ginen Chamonix inguruan, eta, gero, Mont Blancera joan ginen. Hara igo ondoren, Valle Blanche guztia zeharkatu genuen. Deant du Geant-era joan nahi genuen, baina dena izoztuta eta elurretan zegoen, eta Courmayerren amaitu genuen. Handik joan ginen Cervinora igotzera. Bi asteko oporraldia izan zen».

Eskaladan hasi bezain pronto, hormetara igotzeko erraztasuna zuela agerian utzi zuen Lopezek. «Oso emakume ausarta zen. Garai haietan, gizonezko askok saiatzen ez zituzten hormak eskalatzen zituen berak jadanik» gogoraratu du Villarrek. Iturrizak ere berretsi du Villarrek kontatutakoa. «Oso eskalatzaile ona zen. Berak zioen bezala, senarrak baino hobeto eskalatzen zuen». «Euskal emakumeen artean aitzindaria izateaz gain, urte askoan bera izan zen eskalatzen ibili zen euskal emakume bakarra. Eskaladako bosgarren gradua egin zuen orduan. Gaur egun, ez da ezer, baina orduan askok ez zuten horrelako mailarik lortzen. Eta ezin dugu ahaztu, gainera, zer-nolako materialarekin ibiltzen ziren: edozein sokarekin, botekin...Egun baino askoz arriskutsuagoa zen orduan eskalatzea», nabarmendu du Iturrizak.

Ama izan osteko irteerak

1960an, Imanol semea jaio zen. Baina Lopezek ez zuen mendia bazter batean utzi. Ahal zuen guztietan, mendira irteten segitu zuen. Irteteko beharra sentitzen zuen. «Lehen semea jaio ondoren ere, eskalatzen jarraitu genuen. Eskalada interesgarriak egin genituen: besteak beste, Glaziarren orratza, Gaubeko korridorea eta arista... Orduan eskalada bide ezagunak ziren», dio Goikoetxeak. Alpeetara egindako azken irtenaldia ere gogoan du oraindik. «1962an ere Alpeetan izan ginen, eta gogoan dut Carlos Soriarekin, eta Landa, Udaondo eta Regilekin ere egon ginela. Hori egin eta gero, Alpeetara joateari utzi genion. Alaba jaio zenean, berriz, Pirinioetan ibiltzen jarraitu genuen». Eskalatzen ere segitzeko aukera izan zuen oraindik Lopezek, eta Etxauri (Nafarroa), Santa Barbara (Gipuzkoa) eta Atxarte (Bizkaia) maiz bisitatu zituen diziplina horretan aritzeko.

Villarrek eta Goikoetxeak baino urte dezente geroago ezagutu zuen Iturrizak Lopez. «Azken urteetan ezagutu nuen nik, berriro Euskal Herriko mendietan ibiltzen zirenean. Ez dakit zenbat urtetan ibili ziren Ehun Mendien erronka osatzen», gogoratu du. Euskal Mendizaletasunaren Museoaren Fundazioko kiderik garrantzitsueneko bat da Iturriza, eta arantza txiki bat ere gelditu zaio Lopezekin gogoratzean. «Niretzat, pertsonaia historiko bat da, eta, agian, hori da gelditzen zaidan penetako bat, ez diogula behar bezalako eskertza egin».

89 urterekin esan dio agur bizitzari Lopezek. Azken urteetan, gaixotasun larri bati aurre egin behar izan zion, eta, gertukoek diotenez, asko sufritu zuen. «Urte gogorrak izan dira berarentzat azkeneko hauek, asko sufritu du», azaldu du Villarrek. Halere, ahal zuen heinean, urtero joaten zen Euskal Mendi Federazioak antolatzen duen festara, haren izena daraman saria banatzeko. Irudi gogoangarriak dira 2011ko eta 2013ko ekitaldietakoak, Gasteizen eta Basaurin (Bizkaia) egindakoak. Lehenengoan, Edurne Pasabanek jaso zuen Lopezen izena daraman saria. Hamalau zortzimilakoak osatu berri zituen alpinista tolosarrak, eta lehen emakumea izan zen balentria hori lortzen. 2013an, berriz, Josune Bereziartu eskalatzaile lazkaoarrak jaso zuen Lopezen saria, bere kirol ibilbidean zehar lortutako garaipen eta erronkengatik. Biek ala biek bazuten aitzindari bat: Loli Lopez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.