Helduentzako kontakizunak

Ipuin kontalaritzan dihardute Mireia Delgadok eta Maider Alzelaik. Helduei saioak egiteko zirkuitu bat irabazi berri dute. Garrantzitsutzat jo dute euskaraz kontatu ahal izateari «lekua» jartzea.

Harriak, jostorratzak eta zauriak lana aurkeztu du Mireia Delgadok. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Narrazio laburra da ipuina. Errealitatean zein fikzioan oinarritua dagoena, eta ahoz zein idatziz partekatu daitekeena. Istorio eta ipuin horiek ahoz kontatzen jarduten dira Maider Alzelai eta Mireia Delgado. Intujai konpainiak antolatu duen Heldu da kontua kontalaritza sorkuntza saria irabazi dute. Ikuskizun bana aurkeztu zuten: Harriak, jostorratzak eta zauriak Delgadok eta Emeen kemen Alzelaik. 2022ko urritik 2023ko otsailera helduentzako ipuin saioen zirkuitu batean parte hartzea irabazi dute. Euskarari eta helduei «lekua» ematea eskertu dute biek.

Intujai antzerki proiektuaren sortzaileetako bat da May Gorostiaga. Antzerki zikloak eta ikuskizun propioak antolatzen dituzte 2006tik, eta azkenaldian «nabaritu» dute ez dagoela helduentzako ipuin kontalarien zirkuiturik. «Premia» horri aurre egiteko proposamena da Heldu da kontua lehiaketa: «Programazioaren beharra daukagu, dagoen apurra erdaraz delako». Alzelairen iritziz, zirkuitua eta katalogoa osatzeaz gainera, halako sari batek ipuin kontalaritzak duen «estigma» kentzeko balioko du.

Helduei ipuinak kontatzean, erregistroa da Alzelairentzat «nabarmen» aldatzen dena. Delgadok uste du ipuina ez dela serio hartzen: «Eten bat dago 10 urteetatik aurrera». Hala ere, heldu zein haurrei saio bera egindakoa da, eta emaitza ona izan duela aipatu du: «Atentzioa eman dit ipuina batera kontatu diedanean izan duen emaitza onak. Ipuin berak irakurketa geruza desberdinak ditu, eta mezu asko jaso daitezke». Narrazioek «sakontasuna» eskaintzen dutela azaldu du «bizi dugun azaleko» garairako: «Ipuin baten oinarri funtsezkoena da zerk egiten digun oihartzun». Kontakizun bat entzutean pertsona bakoitzak «bere erara» barneratzen duela dio kontalariak: «Aktibatzen zaigun erreakzio horrek eragina du gugan, eta inportantea da lantzea».

Antzera mintzo da Alzelai. Edozer kontatzeko modu «emozional» eta «zuzena» da ipuina harentzat: «Ez dago laugarren paretarik, eta horrek sinesgarritasun handia ematen dio».

«'Oralfabetoak' gara»

Ahozkotasuna euskaldunen «ondare» dela nabarmendu du Gorostiagak: «Kontalaritza arte minoritarioa da, baina Euskal Herrian betidanik egon izan da». Entzutea eta kontatzea euskal kulturaren «zuztarra» dira harentzat; «memoria historikoa» mantendu eta sustatzeko gako gisa ikusten ditu: «Jazoera askoren berri dakigu ahoz ahokoaren bidez. Hizkuntza bera ikasteko tresna izan da urte askoan buruz ikasitakoa kontatzea. Zenbat kontalari ezagutzen ditugu orotara, ordea? Inor gutxi». Galdutako eta ikertu gabeko afera da, haren ustez: «Oralfabetoak gara. Baliorik apenas ematen diogun. Irakurtzea eta idaztea landu egiten dugu eskolan, bederen. Kontatzea ez».

Ama izan zenean hasi zen Alzelai ipuin kontalaritzan: «Beharrizan batetik hasi nintzaion istorioak kontatzen haurrari». Har horrek ikertzera eraman zuela aitortu du. Nazioarteko kontalariekin trebatu izan da gerora, baita formatu eta ofizioa ikasi ere.

Gakoa publikoari egokitzea dela dio Alzelaik: «Inoiz ez da ipuin bera modu berean kontatzen; niri behintzat ezinezkoa zait». Ados dago horretan Delgado ere: «Askotan, publikoari arreta eman eta parte hartzeak istorioa onera aldatzen du». Hastapenetan, paperean edukitzea garrantzitsua eta beharrezkoa zitzaion Alzelairi. Gaur egun, «askeago» egiten dute hori Delgadok eta biek. Ideia zerrenda batetik inprobisatzen has daitezke, eta horrek publikoarekiko komunikazioa indartu egiten duela diote.

Emakumeak ardatz

Emeen kemen izenburuarekin bildu du Alzelaik andrazkoen «ausardia». Bizitzako erronkei aurre egitearen inguruko kontakizuna da, istorio sorta batean bildua, eta denek dute «konexio» bat: «Aurrera segitzeko nahia».

Dublingo Molly Malone gaztearen istorioa moldatu du, adibidez, interesgarria zaiolako XIX. mendeko emakumeez «egiten den irakurketa». Ez du haren bizitza kontatzen, «oinarri» horrekin «eraikitzen» du pertsonaia.

Delgadok, berriz, narrazioak osatu ditu hariak direla medio. Denen lokarri da haria: «Egon ikusgarriago, estaliago, korapilatuago... hori da Hariak, jostorratzak eta zauriak. Harremanei buruzko ipuin sorta». «Entzuketaren» bidez egiten du saioa: «Non jarri azentuak, non begiratu publikoa... inportantea da». Gustuko du horrek sortzen duen «sarea». Aipatu edo ez ageri dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.