Arabako turismoa jokoan

Arabako Foru Aldundiak ginkana turistiko digital bat aurkeztu du, Arabako hainbat leku ezagutarazteko. Sakelakoarekin egin ahal izango diren bost ibilbide izango ditu.

Galdera zuzen erantzun beharko da hurrengo tokira joan ahal izateko. BERRIA.
unai etxenausia
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Turismoa egiteko modu asko daude. Askok nahiago izan ohi dute leku ikusgarrienak bakarrik bisitatu. Beste askok, berriz, nahiago dute taldean eta gida turistiko batekin bisitatu, gidak leku bakoitzaren historia azaltzen dien bitartean. Beste hainbeste modu daude. Halere, gutxik dakite jolastu bitartean turismoaz goza daitekeela.

Arabako Foru Aldundiak modu berri bat proposatu du Antoñanako, Estibalizko, Markizko, Aguraingo eta Gesaltza Añanako kultur ondarea ezagutzeko. Herri horietako Erdi Aroko historian eta pertsonaia ospetsuengan oinarritutako bost ginkana turistiko digital eta presentzialen bidez, hain zuzen. Sakelako telefonoan jolastu ahal da, eta doan daude eskuragarri. Gymkanas Turisticas Digitales enpresak sortu du jokoa, eta enpresa horren helburu nagusia da udalerri baten ekonomia, kultura eta gizartea suspertzea.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatuak aurkeztu duproiektua. Azaldu duenez, egitasmo horren bidez sustatu nahi dute «arabarrek eta bisitariek lurraldeaz eta bertako herri zein eskualde guztiez gozatzea», lurraldeko lekurik ezagunenez gain. Beraz, bost ginkanen bidez, Arabako herri txikiak ezagutarazi nahi dituzte. «Normalean, bisitatzen gaituztenen ibilbide turistikoetan agertzen ez direnak», nabarmendu du Gonzalezek.

Tokian bertan jolasteko kultur ibilbideak izango ditu ginkanak. Horri esker, bisitariak hainbat herritako ondare historikoa eta kultur ondarea ezagutu ahal izango ditu. Hauek dira ginkanen izenak: Antoñanako azken trena; Salbatu Agurain; Estibalizeko sorginkeria; Bitxien lapurreta, Markiz herrian; eta Eltze magikoaren bila, Gesaltza Añana herrixkan jolastu ahalko dena.

Ginkanaren edukiak dibertsioa eta zehaztasun historiko eta kulturala bateratzen ditu. Izan ere, Erdi Aroko Araba taldearen laguntza izan dute jokoa egiteko orduan. Halaber, aplikazioan sartzeko eta jokatzeko erraztasunagatik nabarmentzen da ginkana: nahikoa da aldundiak jarriko dituen karteletako QRen bidez sartzea, edo gymkanaturisti ca.com/Araba helbidea nabigatzailean bilatzea. Guztietan euskaraz eta gazteleraz jolastu daiteke.

Enigmaz beteak

Joko bakoitzak hainbat enigma planteatzen ditu, baina gertakari historikoak hartu dituzte kontuan guztiak sortzekoan. 1564. urtean Agurainen izan zen sutea, Antoñanako historiako hainbat mugarri eta Vasco-Navarro trenbidea, edota 1120 urteko Estibalizko santutegiaren eraikuntza. Gainera, jokalariek hainbat pista izango dituzte, joko guztietan aurrera egin ahal izateko.

Ginkanak berak adierazten dio jokalariari non kokatu behar duen eta galdera bakoitzean nora begiratu behar duen erantzun ahal izateko. «Ginkanari ekiteko, koka zaitez Foruen kalean, San Juan plazarantz begira», hasten da Aguraingo ginkana. Eta lehen enigma dator ondoren: «Ez genuen atari hau eraiki nornahi sartzeko. Bide honek duintasun gorena eskatzen du. Nor zara?». Bisitariak erantzuna asmatzen badu, hurrengo kokalekura joan ahalko da. Enigma bakoitzak gai bat lantzen du.

Familiak eta eskoletako ikasleak erakarri nahi dituzte.«Hori guztia historia eta tokiko kultura modu dibertigarrian uztartzen dituen eskaintza baten bidez», foru diputatuak esplikatu duenez.

Oraingoz, bost ginkana aurkeztu dituzte, baina gehiago egin nahi dituzte datorren urterako, Arabako beste herri batzuk ezagutarazteko helburuarekin. «Ziur gaude turismoa funtsezkoa dela biztanleria finkatzeko eta landa eremuetako ekonomia dinamizatzeko», nabarmendu du Gonzalezek.

Aurretik ere hainbat ginkana turistiko egin ditu Gymkanas Turisticas Digitales enpresak, herri horietako ekonomia sustatzeko helburuarekin. Esaterako, Arabako bostak aurkeztu baino lehen, Euskal Herriko beste toki batzuetarako ere egin izan dituzte: Lodosarako (Nafarroa) eta Portugaleterako (Bizkaia), adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.