Albistea entzun

Abandonutik ekosistemara

Hutsik dauden industria nabeak erabili dituzte artista batzuek kultur proiektuak sortzeko. Bilboko Zorrotzaurren, Pabiloi 6 da ereduetako bat. Guneon ekarpenak aletu dituzte 'Bigarren ekitaldia' filmean.
Lagun talde bat Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren aurrean, artxiboko irudi batean.
Lagun talde bat Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren aurrean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko azaroak 26

Industria aro oparo baten hondarrak dira: nabe handi andana bat, Bilboko Zorrotzaurre auzoan pilatuta, aspaldi abandonatuta. Baina badira, halaber, garai artistiko indartsu baten akuilua, eraikinetako zenbait berriro bete baitira urteen joan-etorrian: garatu dituzte proiektu artistikoak, erauzi dira horietako zenbait, eta errotzeko bidean daude beste batzuk.

Pabiloi 6 da kasu paradigmatikoa: duela hamar urte abiatu zuten hamahiru artistak, eta ordutik bestelako kultur egitasmoak loratu dira haren inguruan. Eta, hain justu, urteurrenari tiraka, arteak biziberritutako guneez eta horien eraginaz mintzatu dira Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey zinema zuzendariak Bigarren ekitaldia dokumentalean; Bitart New Media etxeak ekoitzi du, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Pabiloi 6ren eta Hiria arkitektura estudioaren laguntzarekin.

Badu lanak asmo aldarrikatzaile nabarmena, Urgoitiaren hitzei erreparatuta. «Gune kulturalak ez lirateke soilik hirien ingurunean kokatu behar, urruneko auzoetan ere egon beharko lirateke». Hori da Zorrotzaurre, preseski: periferiako gune bat, hiribilduko erdigunetik ez oso urrundua, baina, hala ere, ez dena elikatua izan orain dela urte gutxira arte, hura birdiseinatu eta etxebizitza mordoa egitea erabaki ondoren. Baina abandonu horrek bide asko zabaltzen ditu, halaber, eta horiek xehatzen ditu ikus-entzunezkoak. «Asmoa da azaltzea zer egin dezakegun kultura egon dadin ez bakarrik maila sozioekonomiko batzuetako lagunen esku, baizik eta guztion esku». Pabiloi 6ren kasuan, hastapenak malkartsuak izan ziren, hein batean, sustatzaileek musu truk egin baitzuten behar, proiektuak aurrera egiteko nahia ez beste hausporekin; ekimen hori ere aitortu nahi izan diete.

Bidea urratu zuen antzokiak, eta horren atzetik ugaritu egin ziren egitasmoak, egun den «ekosistema kulturala» osatzeraino. Urgoitiaren hitzetan, gisa bereko eremu autogestionatuak ohikoak dira Alemanian eta Herbehereetan, kasurako. Zorrotzaurren, badago hazteko abagunerik, oraindik nabe asko baitaude hutsik. «Gehiago egon beharko lirateke, gune abandonatu bat kulturara bideratzea balio handiko zerbait baita». Zergatik, bada? «Pabiloi 6, Karmela [Santutxu, Bilbo] eta antzeko zentroek auzoak dinamizatu dituzte, bizitza kalitatea ekarri diete, bai auzoei bai hiri osoari, eta aniztasuna eragin dute: lortu dute kultura ez dadin izan soilik zerbait homogeneoa, baizik eta izan ditzan askotariko adarkatzeak».

Baina ez dira bakarrik biztanleentzako aberasgarriak. Bultzatzaileentzat ere, interesgarria izan daiteke periferietara jotzea, Urgoitiak azaldu duenez. «Erdigunetik kanpoko auzoetan, alokairuak askoz merkeagoak dira erdigunekoak baino». Badu alde negatiborik, nolanahi ere. «Eraikinek ez dute hiriaren erdiguneko aretoek dituzten baldintzak; agian ez dira Arriaga antzokia bezain erosoak, esaterako». Baina uste du ikusleek ez diotela asko erreparatzen alde horri. «Leku horietara doazenean, badakite zenbat kostatu zaien arduradunei espazioa abian jartzea; egoera ulertzen dute».

Autogestioa gako

Pabiloi 6 gisako lekuak «ezinbestekotzat» ditu Urgoitiak, eta Ramon Barea aktorearen hitzak ekarri ditu gogora, dokumentalean bilduak: «Ziklista batek toki bat behar duen bezala entrenatzeko, aktoreek eta dramaturgoek ere tokiak behar dituzte sortzeko». Baina beti ez dizkiete eskura jartzen, eta, kasu horietan, euren kabuz topatu behar dituzte baliabideak, zuzendariak adierazi duenez. «Hiriak hazi egiten dira, eta kulturaz ahaztu egiten dira. Hedapenean, auzoari hainbeste ematen dizkieten espazio horiek sakrifikatuak izaten dira, beste aukera batzuen mesedetan». Alabaina, ildo aldaketa igarri du azken urteetan, hein batean Pabiloi 6 eta antzeko ekimenek akuilatutakoa: instituzioak aintzatesten hasi dira proiektuok. «Ulertu dute garrantzitsua dela eremu kultural alternatiboak edukitzea. Ikusi dute hiriak aberasten dituztela. Poliki-poliki, alde kulturala kontuan hartzen ari dira garapen politiketan».

Instituzioek interesatu beharra dute, baina, halere, beharginen gain egon behar du kudeaketak, Urgoitiaren irudiko. Eta, hain zuzen, alde horretan tematu da zuzendaria, hainbatetan aipatu baitu ondoko hitza: autogestioa. «Garrantzitsua da artistek euren lantokia kudeatzea, programazio eta helburu jakinak baitituzte, eta ideia zehatzak funtzionamenduaren inguruan».

Horrek isla du emaitzetan, haren ustez, eta Pabiloi 6k duen harrobiari erreparatu dio hori justifikatzeko. «Kulturan, ez da erraza gauzak zuk nahi bezala egitea, dirua duenak ezartzen baitu ikuspegia. Kasu haietan, sortzaileek eurek dute aukera ikuspuntua zehazteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mikel Pagadi eta Miren Nogales ©Orio Produkzioak

Miren Nogales izango da ‘Herri txiki, infernu handi’ saioko aurkezle berria

Urtzi Urkizu

Igandean hasiko da ETB1 'Herri txiki, infernu handi' saioaren bederatzigarren denboraldia ematen. Nogalesen estreinaldia Belauntzan izango da (Gipuzkoa).

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...