Albistea entzun

Moda egiteko beste modu bat

'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak. GORKA RUBIO/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko urtarrilak 28 - Ezkio

Gizarteak jasangarriagoa izan behar duela, gehiago birziklatu behar dela, ingurumenaren aldeko apustu handiagoa egin beharra dagoela... Horiek dira gaur egungo klima krisiari aurre egiteko aipatzen diren neurrietako batzuk. Ekitea, ordea, ez da lan erraza.

Jasangarritasunaren aldeko apustua egin du Ezkikoko Igartubeiti baserri-museoak. Joan den urrian Ekomoda erakusketa ireki zuen, eta maiatzeko lehen astera arte egongo da ikusgai. Baina zer da Ekomoda? Bada, Kotoi markak, Sin Desperdicio etxeak, Emausek eta Irizarrek sortutako proiektu bat da, non arropa sortzen den autobusetako ehunak erabiliz.

«Ez nuen imajinatzen horrelako gauzak egin zitezkeenik», esan du Kizkitza Ugarteburuk, museoko koordinatzaileak, eta hori omen da erakusketara joaten den jendeak esaten duen lehen gauza ere. Ugarteburuk Ondarearen Europako Jardunaldien aurkezpenean ezagutu zituen Kotoi markaren sortzaileak, eta euren lana nolakoa zen azaldu zioten. Kotoik aurretik ere lan egiten zuen Irizarrekin, eta, gainerako eragileekin elkarlanean, ideia ona iruditu zitzaien erakusketa Igartubeitin jartzea. Maialen Porroyk, Kotoiren sortzaileetako batek, kontatu du «oso modu naturalean» sortu zela elkarlana.

Maialen Porroyk eta Fany Alonsok sortutako arropa marka da Kotoi, eta haien helburua, Alonsok azaldu duen moduan, «bezeroei eguneroko jasangarri bat eskaintzea», kontsumo arduratsuari jarraituz.

Erakusketa hiru ataletan banatuta dago. Hasteko, bisitariak aukera izango du jantzien materialak zeintzuk diren ikusteko. Bigarren atalean, Kotoiko kideek sortutako piezak daude ikusgai. Azken atalean, XVI. mendean inspiratutako jantziak daude. Kotoiko kideak Errenteriako Jantzien Zentroko Ramon Garciarekin bildu ziren, autobus ehunekin garai hartako jantziak egin ahal izateko. «Baserri mundura ekarri dute erakusketa horrela», kontatu Ugarteburuk.

Baserriaren mundua bera ere jasangarria da, «kokapenetik hasita», Ugarteburuk esan duenez. Eguzkiak ematen zuen alderantz kokatzen ziren baserriak, eta dena berrerabiltzen zen, baita gaur egun ere.

Museoak jasangarritasunaren eredua aplikatzen ari dira pixkanaka, eta Ugarteburuk, aitortu duen arren ez dela lan erraza, esan du Igartubeitik bide horretan diharduela. «Erakusketetako piezak garraiatzeak kutsatu egiten du, eta saiatu behar dugu garraio hori gutxitzen, eta ahal den heinean erakusketetarako materiala birziklatzen», esan du.

Jasangarria kontsumitu

Moda jasangarriari dagokionez, Kotoiren sortzaileek azaldu dute jendea geroz eta kontzientziatuago dagoela: «Geroz eta aukera gehiago daude moda jasangarria kontsumitzeko, eta zabalduago daude, zorionez», kontatu du Porroyk.

Bihar, Alonsok eta Porroyk tailer bat emango dute erakusketaren harira. 10:00etan hasita, parte hartzaileek XVI. mendean Zuberoan sortutako poltsa bat sortuko dute, bildutako sagarrak gordetzeko balio zuena: bixaka. «Gehien gustatzen zaizkigun piezetako bat da», azpimarratu du Alonsok.

Bestalde, Barne Begiradak proiektuarekin bat eginez, hainbat ekintza antolatuko ditu museoak. Proiektu horren helburua landa eremuan kultura sustatzea da, eta, horretarako, inguruko herrietako ekintzaile eta taldeekin hainbat ekintza antolatu ditu. Ekintzak norbanakoentzat zein familientzat izango dira. «Hemengo ekintzaileekiko elkarlana bultzatu beharra dago, haiek ere garrantzitsuak baitira guretzat», esan du Igartubeitiko koordinatzaileak. Egitarau zabala dute antolatua datozen hilabeteetarako.

Igartubeitiko koordinatzaileak esan du gaur egun erronka bat dela museoak bisitariengandik gertu egotea: «Museook bisitariengan pentsatuz antolatu behar ditugu erakusketak, haien interesetan eta kezketan pentsatuz». Gaur-gaurko gaiak lantzea garrantzitsua dela azaldu du Ugarteburuk, eta ezinbestekoa dela bisitarien iritziak kontuan hartzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Assata Shakurren irudi ezagunetako bat, garai batekoa. ©BERRIA

Iraultzaile beltzaren ametsa

Miel A Elustondo

Hamaika libururen artean publikatu zen iazko udazkenean AEBetako Pantera Beltzen Alderdiko kidearen autobiografia, Danele Sarriugartek itzulirik. Nahi beste ditu gaiak. Arrazakeria, kontzientzia hartzea, militantzia politikoaren goiti-beheitiak, askapen mugimenduen kriminalizazio orkestratua, espetxea eta espetxe industria... Denak har, inoren bizialdiari lotuak diren neke eta pena guztiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...