Istorio ehunduak

'Oihal artean' erakusketa antolatu dute Gasteizko Pilar gizarte etxean. Hiriko elkarte afrikarrek beren tradizioak erakutsi nahi dituzte eskuz egindako ehunen bitartez.

Forma, tamaina eta kolore ezberdinetako oihalak dira. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Elkarren oso ezberdinak dira gelan eskegita dauden oihal tradizionalak. Guztiak afrikarrak izan arren, ez dira mugatzen herrialde edo eremu batera. Talde etniko ezberdinetakoak dira guztiak, herrialdeetako mugak zeharkatzen dituzten horietakoak.

Gasteizen finkatuta dauden zenbait elkarte afrikarrek beren kulturaren zati bat erakutsi nahi dute Oihal artean erakusketaren bitartez. Hirian dauden Afrikako hemeretzi elkartek eta Gasteizko Udalak antolatu dute. Asteartean inauguratu zuten, Pilar gizarte etxean, eta han egongo da datorren astelehenera arte. Ibaiondo gizarte etxean jarriko dute martxoaren 6tik 27ra bitarte. Ondoren, beste zenbait gizarte etxetan egongo da ikusgai. Urriaren 22an ikusi ahalko da azkenekoz, Salburuko gizarte etxean.

Antzinatik oso harreman berezia izan dute afrikarrek oihalekin. Horien sorkuntza eta erabilera oso errotuta daude kontinente hartako kultura ezberdinetan. Migrazioak eragin du afrikarrek hain errotuta daukaten tradizio hori Gasteizera heldu izana. Guztiak ezin erakutsi, eta, hirian egon daitezkeen oihal guztietatik, zortzi aukeratu dituzte erakusketan jartzeko. Ez dira edozein oihal, ordea: istorio bat gordetzen du ehun bakoitzak. Pertsona edo herri baten historia du bakoitzak, belaunaldiz belaunaldi gaur egun arte transmititu dena.

Kente, leppi, shuka la masai, bogolan, ndop, wudere sañaande, malicane eta khyata dira erakusketan bildu dituzten oihalen jatorrizko izenak. Forma, tamaina eta kolore ezberdinak dituzte, baina partekatzen dute zerbait: etnien nortasunaren parte garrantzitsuak dira. Horregatik, antolatzaileen hitzetan, «edertasunetik harago» doa eskuz egindako ehun koloretsu horien garrantzia: «Antzinako herentzia bat daramate barruan, zeina afrikar belaunaldi berriek gorde egin nahi duten».

Jatorria Mauritanian duen oihala da khyata, adibidez. Egun berezietan erabiltzen da, ezkontzetan edota jai tradizionaletan. Aldiz, Kamerungo ehun tipikoa da ndop delakoa, eta trukerako erabiltzen zen antzina. Horiek eta beste oihal guztiek etnia ezberdinen ohiturak eta tradizioak azaltzeko balio diete antolatzaileei.

Ehunen jabeek berek azaltzen dute bakoitzaren garrantzia. Gelako telebistan ageri dira banan-banan «oihalek gordetzen dituzten sekretuak hariz hari» kontatzen. «Edozertarako balio du oihalak, ez bakarrik gertaera garrantzitsuetarako; egunero erabil daiteke», azaldu du batek. Beren jatorrizko hizkuntzan hitz egiten dute guztiek, eta euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziak daude azpian.

Hainbat pertsonaren hitzak jasotzen diren panel bat ere badago. Afrikan jaioak edo sustrai afrikarrekoak dira bideoan ageri diren guztiak, eta Gasteizen bizi eta gasteiztarrak sentitzen dira. «Ni 12 urterekin iritsi nintzen hona, Boli Kostatik. Hemengoa eta hangoa sentitzen naiz», azaldu du Mariamek; «Gasteizen jaio nintzen. Gustatuko litzaidake libreki euskal herritarra naizela esatea», dio Hindak; «Marokokoa naiz, eta 2002tik daramat Gasteizen. Urte hauetan guztietan ezin izan naiz integratu, nire kulturagatik eta erlijioagatik», hasi da Soumaya; «Gasteizen, neure burua aurkitzeaz gain, nire familia handitu dut, eta oso zoriontsu egiten nau horrek», amaitu du Lendak. Oihalek bezala, beren bizipenak gordetzen dituzte guztiek.

Elkarteen lan nekaezina

Hainbat elkartek urteak daramatzate Gasteizko afrikarrekin lanean. Batik bat, «hirian finkatu den biztanleria migratuaren bizimodua hobetzeko egiten dute lan», nabarmendu dute antolatzaileek.

Era berean, kolektiboek lan nekaezina egiten dute giza eskubideen, garapenaren lankidetzaren eta sentsibilizazioaren alorrean. Afrikar komunitateari laguntzeko lanak egiten dituzte gehienbat.

Afrikako kulturei ikusgaitasuna emateko hainbat jarduera bultzatzen dituzte urte osoan: Afrikaren Astea, Afrikaldia zinema jaialdia... Konbentzituta daude ekinaldi horiei esker «hiriko kultura panorama eta gainerako auzokideekiko bizikidetza sustatzen dituztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.