Betikoa, baina zaharberritua

Gasteizko Udalak «erosoagoa, seguruagoa, irisgarriagoa eta balioaniztunagoa» izango den Principal Antzoki berrirako behin-behineko proiektua aurkeztu du.

Aurretik zeukan esentzia mantenduko duen arren, eraikin guztia zaharberritu nahi du udalak. GASTEIZKO UDALA.
unai etxenausia
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hiriaren erdigunean, eta hiriaren ikur bilakatua. Gasteizko Principal Antzokia hainbat eta hainbat antzerkiren, kontzerturen, bertso saioren eta abarren lekuko izan da ehun urtean baino gehiagoan. Hiriaren historiaren zati bat gordetzen dute eraikinaren hormek. 1918. urtean hasi zen antzoki historikoaren ibilbidea. Zaharragoa baita, baina, sute baten ondorioz, erabat berriztatu baitzuten. Beste erreforma bat egiteko ordua dela uste du udalak. Hainbeste urteren ondoren, aldatu egingo da eraikinaren itxura. Ez du, ordea, esentzia galduko. Obrak bi urtetik hiru urtera luzatuko dira, eta, dena ondo bidean, 2024an hastea aurreikusi du.

«Erosoagoa, seguruagoa, irisgarriagoa eta balioaniztunagoa» izango da Principal Antzoki berria, Gasteizko Udalak iragarritako behin-behineko proiektuaren arabera. Udaleko Gobernu Batzordeak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin adostutako hitzarmenari eta, horretarako, 12 milioi euro jarriko ditu antzokia zaharberritzeko eta handitzeko. Gainera, instalazio eszenikoak finantzatzekoetorkizunerako eranskina bermatuko du horrek. Orain, Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Saileko eta barneratutako sail guztietako —bereziki Kultura Sailekoek— teknikariek gainbegiratu beharko dute proiektua.

Gorka Urtaran hiriko alkateak aurreratu duenez, «Gasteizek betiko antzokia izango du», baina modu integralean zaharberritua: «Publikoarentzat eta antzokiko talde profesionalei eta konpainia artistikoei aukera gehiago eskainiko dizkie honako hauek eskuragarri izango dituelako: gaitasun eszeniko handiagoa, musikarien foso handiagoa, kamerino berriak...».

Estiloari fidel

Italiar estiloko antzokia da Principal: agertokia proszenio-arku batez bereizia dago, eta ikusleek inguratu egiten dute beheko jarlekuetan eta mailakatutako gela eta mailadietan. Cesareo Iradier arkitektoa Madrilgo Zarzuela antzokian oinarritu zen antzokia eraikitzeko. Inguruko antzokiak bezala, Gasteizkoa ere eraikin elegantea da: sarrera zabal eta argitsuarekin, besaulki gorriekin, sabaitik zintzilik dagoen argi armiarma dotorearekin...

Italiako antzokien kutsua mantenduz, gaur egungo estetikari eta oinarriari eutsiko die. Idom ingeniaritza enpresak idatzitako proposamenak aurrez ikusitakoaren arabera, aretoaren zaharberritze integrala egingo da, 842 besaulkitarako edukierarekin (19 mugimendua murriztua dutenentzat). Dena den, barrualde guztia eraitsi eta berriro eraikiko dute, eta, hala, gaur egungo itxura errespetatuta (besaulkien diseinua, tapizatuen gama), erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu nahi dituzte.

Agertoki berria

Modernizazio teknikoa eta aukera eszeniko handiagoak jartzea dira Principal Antzokian egingo diren beste hobekuntzetako batzuk. «Hain zuzen ere, agertokian atzealdea handitzeko aukera egongo da, eta agertokiaren atzealdeko espazioa ere zabaldu egingo da. Musikariak kokatu ohi diren pezoia ere handitu egingo da», aurreratu du udalak.

Kanpoaldean aldaketak aurreikusi dituzte. Principal Antzoki berrira joaten direnak egungo fatxadako zabalera osoa hartuko duen sarreratik barneratuko dira. Beiraz hornitutako ateekin eta hormekin konektatuta egongo da sarrera eta, horri esker, atondoak zabaltasun eta argitasun sentsazio handiagoa emango du. «Argitasuna izango da areto guztietako ezaugarri orokorra», zehaztu du udalak.

Zaharberritze arkitektonikoari esker, gaur egun erabilera publikorik ez duen goiko solairua balio anitzeko areto gisa erabiltzeko berreskuratuko da, aurreratu du udalak: «Hala, eskaintza eszenikoa formatu txikiko emanaldiekin handitu ahal izango da».

Era berean, modu integralean zaharberrituko dute kamerinoen eraikina, sartzeko nasa, eta bulego teknikoen espazio zabalaeraikiko dute banketxe bati erositako eraikinean. Gaur egungo edaritegia prentsa areto bihurtuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.