Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Gorritu

2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Berritasuna ez da beti pozgarri. Gure gaurko gaitz eta gabezia gehienek berritasunaren ajeak dituzten abizen. Garapenkeriak makina bat buruko min ekarri dizkigu. Batzuetan, ordea —negu giro luzeegiari uda antzeko zerbaitek segitzen dionean nola—, berri onak dira berriagoa den horrek dakartzanak. Ospatzeko eta gozatzeko motibo. Joera zahar traketsei etena jarri zaielako besterik ez bada ere.

Hala gertatzen da, hein handi batean, Pixarren azken lanarekin. Turning Red du izena, eta ohiko moldeekin hautsi du, hainbat zentzutan hautsi ere. Lehenik eta behin, ez da zinema aretoetan ikusterik izan. Disney Plusen jarri dute ikusgai, zuzen-zuzenean, pantaila handiaren jokotik kanpo. Beste bat zinemaren industria aldatzen ari dela frogatzen duten seinaleen zerrendarako.

Egiletzak ere merezi du azpimarra. Zuzendaria Domee Shi da, jatorri txinatarra duen 32 urteko kanadarra. Lehen aldiz ondu du Pixar ekoiztetxeak emakume batek zuzendu eta idatzitako fim luzea. Istorioaren ezaugarrietan bezainbeste igartzen da protagonistaren hautaketan. Badu autobiografikotik —2000. urtean kokatzen den 13 urteko Mai Lee nerabea da protagonista—, baina, batez ere, orain artean marrazkizko filmetan jorratu gabeko gaiak lantzen ditu inteligentziaz eta mimoz: ama-alaben arteko harremanak, lagunarteko tirabirak, hilerokoaren etorrera, helduarorako trantsizioa.

Belaunaldi bat ordezkatzen duen filma ere bada. Ohitu gara alegiazko munduekin, Erdi Aroko istorio eta abarrekin, baina lehen aldiz ikusi dut nire nerabezaroa animazio film batean ordezkatuta: tamagotxiak, mutil guapoen bandak —ez ahaztekoa da El Canto del Locoren Donostiako kontzertuak gure inguruan eragin zuen asaldura—, lagun taldeetako haserreak eta gurasoekin ulertu ezinak. Arrunta dirudien horretan ere badaude istorio handi eta unibertsalak.

Badu, noski, fantasia dosia; eta, horretan, animearen zein komikiaren eragina antzematen zaio. Animazio ahalik eta errealistenak egiteari utzita, protagonistaren bakarrizketa animatuak baliatzen ditu gertatzen ari denaren dimentsio gehigarriak erakusteko. Metafora handi eta gorri batek harilkatzen duen istorio arin bezain ederra da. Gorritu behar luketenak horren gisako ikuspegiak oztopatu dituzten ekoiztetxe handiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.