Jaurgain, berriz taula gainera

Kazetari, idazle, historialari, eta genealogia eta heraldikan aditu zen Jean de Jaurgain. Heriotzaren mendeurrena kari, Maulen omendu dute: erakusketa eta hitzaldien bidez.

Jaurgain, zubez beztiturik, 1860 hondarrean. IKERZALEAK ELKARTEA.
Ainize Madariaga
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Jean de Jaurgain zuberotar historialari, genealogia eta armarrietan aditu, kazetari eta idazleari omenaldia antolatu diote: urri osoan ikusgai ezarri dituzte haren obrak Mauleko Ondarearen Etxean, eta hitzaldiak ere eskainiko dituzte.

Euskaltzaindia eta Mauleko mediatekarekin batera, Ikerzaleak, Sü Azia eta Les Amis du Chateau elkarteek dituzte abiatu Jaurgaini buruzko ekitaldiak.

Ozazen (Zuberoa) sortu zen, 1842an, eta Ziburun (Lapurdi) zendu, 1920an. Askaziak zuberotar nobleziaren kide izan baziren ere, Ozazeko etxondoa saldu behar izan zuten haren gurasoek, zorrez itoak; gisa hartan, nobleziaren titulua zuten galdu.

Ikerzaleak elkarteko Robert Elizondo eta Joel Larroquek Jaurgainen biografia osatu zuten. Hartan diote bere genealogista dohainez baliatu zela kasta horren partaide izaten segitzeko: arbasoen jatorriaz txosten «mardula» osatu omen zuen epaitegiei zuzendua. Izan ere, apaltze sozialak «mendekua eta ezagutza egarria» eman zioten. Hartatik abiatu bide zuen bere ibilbidea historialari eta genealogista gisa.

Historialari historikoa

Euskal Herriko historiari ekarpen franko egin zuen Jaurgainek. Jean Louis Davant historialariak hitzaldia du ematekoa haren obra nagusiaz: La Vasconie (1898), Mauleko mediatekan, urriaren 31n, 10:00etan. Davantek azpimarratu du: «Gure historia zinez aitzinarazi du. [Allande] Oihenarten datuak bagenituen garaiaz, baina zer gehiago? Honek XVII. mendeko historiaz bideak ireki dizkigu. Batez ere La Vasconie obrari esker. Artxibo asko ikertu du».

Obraren garrantzia azpimarratu du: «Guti aipatuak ziren gertakizunak aipatzen ditu, edo leienda gisa kontatu direnak, edo kanpokoek kontatuak. Zorroztasun handiz idatzi du beti». Davanten erranetan, «oroz gainetik» genealogian aditua zenez, Zuberoa eta eskualdeko jaunen zerrendak osatu zituen, bai Baskoniako duke eta printzeena ere.

Frantsesez idatzi bazuen ere, Davantek ez du dudarik euskara «ontsa menperatzen zuela»; euskarazko obra literarioen kritikak idatzi baitzituen. Bertzeak bertze, Joanes Leizarragarena, Bernart Etxeparerena, Allande Oihenarten olerkiena eta Joan Tartas apezaren liburuarena. Baditu hamabost pasa liburu argitaraturik, gehienak euskal historiaz. Kazetari gisa aldizkari frankotan aritu zen, bertzeak bertze, Hirugarren Karlistadetan Iruñeko berriemailea izan zen Parisko kazeta batentzako.Datorren udaberrian, Davantek euskararat ekarri duen Jaurgainen obra bat argitaratuko dio Euskaltzaindiak: Zuberoa herriko kontaira poetiko zonbait.

Zazpiak bat

«Ikuspegi nazionala bazuen», erran du Davantek. Alde batetik,Ebro ibaitik Garonarainoko eremua ikertu baitzuen, zeina «lehengo Euskal Herria»baitzen. Eta, hainbertze hedatu den zazpi probintzien armarria, Jaurgainek zuen asmatu: armarriak bakarrean elkartuz, eta Arturo Kanpionen «Zazpiak bat» gehituz. 1895eko Donibane Lohizuneko Lore Jokoen kari, hiriko auzapezak zion horren egitea galdatu.

Preseski, Kanpionen ondotik, bi urtez izan zen Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria.

Allande Etxartek ere badu hitzaldia ematekoa: urriaren 17an, toki eta tenore berean. Jaurgainez baino gehiago, XVII. mendearen aditua da Etxart, eta artxiboko bilaketetan kontrastatu ahal izan ditu Jaurgainek argitaratu zituen datu zenbait. Adibidez, Berreteretxeren kantorea 1630ean kokatu zuen. Alta, Etxartek 1449an du egiten, atzeman dituen datuen arabera: «Horrek erran nahi du Berreteretxe ez zuela beaumontar batek hil. Arrunt beste testuinguru historikoa zen. Datuen manipulazio hori argitara ekarri nahi dut».

Zazpiak bat armarrian ageri den Zuberoako lehoiaz ere badu zer erran: «1374an Oier III.a Mauleko gobernariak Gurutzadetatik ekarritako sinboloa da. Mauleko sinbolotzat hartu zuen Jaurgainek, baina Akitaniako bizkondeen sinboloa zen. Nahi dut Zuberoako herri xeheak jakin dezan sinbolo hori aristokraziatik datorrela, haiekin deus ikustekorik ez duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.