gorka julio
IRLEN SAREA

Mercadona bat Ilarramendin

2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Zerbait desagertzen denean, toponimoak bakarrik gelditzen zaizkigu, izan zenaren oihartzun hutsa, eta, batzuetan, izandakoaren memoriaren ifrentzua. Horrela gertatuko da Andoainen, Ilarramendi baserria zegoen tokian, Mercadona bat, janari azkarreko enpresa bat eta akaso hotel bat jartzen dituztenean.

Enpresa horren praktika txarrak ezagunak dira, baina halere bere hedapenarekin jarraitzen dute. Belartzako triskantza egin ondoren, hor ere Mc Donalds bat parean dutela, Andoainera iritsiko dira orain, eta berarekin laster gure aurpegiak eskaneatuko dituzten bideo kamerak ere bai.

Enpresa horren supermerkatu katean, adimen artifiziala duten bideo kamerak jarriko dituzte. Supermerkatura sartu eta aurpegia eskaneatuko digute, aurretik lapurreta edo beste deliturik badugu beraiekin sarrera ukatzeko.

Datuak hartu eta berehala ezabatuko dituztela diote, baina nola sinistu AnyVision Israelgo enpresa batek sortutako teknologian; segurtasun eta inteligentzia zerbitzuetarako lan egiten duen kutxa beltz bat izanik.

Zalantza asko: nondik aterako dituzte aurpegiak konparatzeko irudiak? Zer legedik ahalbidetzen du hau (eta zergatik ez dugu deuseztatzen, horrela bada)? Nola gordetzen dute informazioa eta zeinek izango du bertarako sarbidea? Aurretik delitu bat izanik ere, ukatu diezadake sarrera enpresa horrek era guztiz arbitrario batean?

Sartzen den edonor izango da eskaneatua. Lapurreta edo deliturik egin dutenak 0,01 balira ere, denak eskaneatuko gaituzte. Neurria justifikaezina da, baina orduan zalantzarik handiena pizten da: zergatik egiten dute?

Arrazoiaren eta logikaren mundutik erantzun beharko genioke horri guztiari, baina nazkatuta nago. Arrazoiketa albo batera utzi eta enpresa horri kiratsa dariola esateko gogoa daukat. Nazkatuta nago arrazoiak emateaz: desagertzea merezi dute. Norbaitek oraindik sortuko dituen lanpostuak defendatuko balizkit ere, hori Labore edo Ereindajan bezalako proiektuez egin daitekeela erantzungo nioke.

Ilarramendiko baratzea, zelaia eta bizitokia zegoen tokian, Mercadona bat egongo da orain, eta bere kameratatik pasatu beharko gara bertara sartu nahi badugu. Gure aurpegi eskaneatu guztiekin collage bat egingo balute, jendarte bezala gelditu zaigun tonto aurpegia irudikatuko luke obrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.