Jagoba Salvador.
AIRETIK

Autokritikari

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Artea ezin da hitzez azaldu. Azalpen zehatzena ere erdizka geratuko da artelan baten muina atzemateko saiakeran. Nola mugatu film, disko edo margolan baten konplexutasun eta sakontasuna hitzen lengoiara? Eremu hain zabal eta subjektibo batean, nor da kritikaria adierazpen artistiko baten ingurukobalio-iritziak publikoki agertzeko? Zilegi al du ustezko adituak nolabaiteko nagusitasun moraletik epailearen rola hartzea? Hirugarren pertsona baten iritziak zenbateraino du eragina gugan sarrera, disko edo liburu bat erosteko erabakia hartzerakoan?

Tradizionalki, kritikaria figura garrantzitsu, errespetatu eta botere handikoa izan da. Hark esandakoak berebiziko garrantzia izan zezakeen artelan baten arrakasta edo porrotean. Iritzi sortzaile hauei gehiegizko sinesgarritasun eta egiatasuna aitortu izan al diegu? Ez al dugu behar bezainbeste sinesten gure irizpide pertsonalean? Gidak behar al ditugu gure kontsumo kulturala bideratzeko?

Artea, informazioa eta iritzia «demokratizatzen» joan ahala kritikariaren figuraren jainkotze hori lausotzen joan da. Gaur egun beste muturrean gaude. Garai batean gutxi batzuek erabakitzen bazuten zer zen ona eta zer ez, gaur egun jende gehiegik du iritzia botatzeko eta entzuna izateko ahalmena. Gehiegik diot, askotan izan baitut etengabeko iritzi-jasa eta edozeri buruz iritzia eman behar izate honen aurrean, zentzugabekeria eta kaos sentsazioa. Ikuspuntu ezberdinak ezagutzea aberasgarria da ezbairik gabe, baina iritzi gehiago jasotzeak kritikoagoak egiten al gaitu? Benetan dena gehiago kuestionatzera eta irizpide propioa garatzera garamatza?

Igaro berri den Donostiako 69. Zinemaldia egunez egun jarraitu duen 25. Fotograma podcasta entzun bitartean murgildu naiz kritikarien inguruko gogoeta honetan eta begi bistakoa da galdera gehiegi eta erantzun argi gutxi atera ditudala. Nor eta ni, kultur kritikari eta kronikagileen zilegitasuna ezbaian jartzen. Kontraesanak kontraesan, argi dut artearen inguruko iruzkina eta balorazioa egin daitekeela, aberasgarria eta beharrezkoa dela eta kazetaritzan bere espazioa baduela, inoiz baino gehiago. Ez, ordea, garai bateko zentzu klasistaren ikuspegitik. Sentsazioetan, gogoetan eta eztabaidan gehiago oinarrituz eta ez hainbeste egia absolutuz jantziriko epai irmoetan. Gidari bai, baina norberaren irizpidea indartzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.