Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Errege jokoak

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko erregina aurreko astean hil zen. Minutu oso gutxian munduari buelta eman zion albisteak. Erresuma Batuko errege-etxeak pausoz pauso bete zuen aspalditik prestatua zegoen protokoloa. Heriotzaren albistea ezagutu baino lehenago, protokolo horren inguruko bideo bat ikusi nuen. Protokolo horretan prest zeuden gauzen artean, asko harritu ninduen jakiteak BBC telebistako estudioan traje beltz bat beti prest izaten zutela albistea emateko. Traje hori non edukiko ote zuten gordea eta nork garbitu eta lisatuko ote zuen pentsatzen hasi nintzen. Horretan ari nintzen bitartean, BBCko estudioan zegoen aurkezlea trajea jartzen arituko zen, denok dakigun albistea emateko.

Elizabeth II.aren heriotzak BBCren eta beste telebista askoren programazioa aldatu du egun hauetan. Charles III.aren koroatzeak ere atentzio handia piztuko du albistegietan, eta hurrengo egunetan Erresuma Batuan egingo diren ekitaldi guztiak zuzenean ikusgai egongo dira edonon. Gertaera historiko horrek aldaketa asko ekar ditzake Erresuma Batura eta Commonwealtheko herrialde guztietara. Pertsonaia horrek telesailetan eta zinean garrantzi handia eduki du. Heriotzaren ondorioz, The Crown telesailaren grabazioa bertan behera geratu da. Lantaldea Bartzelonan zegoen, eta, albistearen berri izan zuenean, Erresuma Batura joan zen. Geldialdi horrek ez du atzerapenik eragingo azaroan iritsiko den bosgarren denboraldian. Erreginaren heriotzak telesail horri beste bultzada bat eman dio. Asteburu honetan, Erresuma Batuko errege-etxearen historia jasotzen duen Netflixeko telesaila ikusienen artean jarri da eta bosgarren denboraldiarentzat promozio aparta izango da.

Monarkiaren inguruko albisteak eta irudiak sinesgaitzak egiten zaizkit. Gaur egun, monarkia bezalako instituzio antidemokratikoak sostengatzea ez dut ulertzen, eta guztiek ipuin bateko pertsonaiak diruditela pentsatzen dut. Fikzioan fantasiazko errege eta erreginak ikustea interesgarri eta entretenigarri iruditzen zait, baina hortik kanpo errepublika aldarrikatzeko grina pizten zait. Hurrengo asteetan, Errege jokoak ikusiko ditugu Erresuma Batuko telebistan. HBOMaxen, berriz, beste errege joko bat dugu estreinatu berri den Salvar al rey telesail-dokumentalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.